Independentzia, gehiengoaren nahia. Lelo horren atzean batu dira milaka lagun Iruñean, Independentistak sareak deituta, Aberri Eguna ospatzeko. Manifestazioa egin dute Golem zinemetatik Sarasate pasealekuraino, eta bazkaria egin dute ondoren Anaitasuna kiroldegian.
Martxa amaieran, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak hartu du hitza. Kataluniatik eta Eskoziatik bidalitako mezuak erakutsi dituzte aurretik, eta bi herrialde horiei erreferentzia egin die Ariznabarretak: "Eskozia eta Kataluniara begira gaude urrats sendoak egiten ari direlako independentziaren bidean. Asko daukagu beraiengandik ikasteko, baina gure bidea geuk jorratu beharko dugu".
Independentziaren aldeko gehiengo zabala osatzeko asmoa azaldu du Ariznabarretak; "euskal estatuaren eraikuntzarako subjektu berria osatzea, eta gehiengo zabal hori egoki planteaturiko prozesuaren baitan aktibatzea".
Halaber, azpimarratu du independentzia ez dela zerbait "abstraktua edo hutsa", edukiz beterikoa baizik: "Herria, demokrazia, askatasuna, eskubideak, lana, etorkizuna denontzat. Eta askoz hitz gehiagorekin jarrai dezakegu: justizia soziala, berdintasuna, aberastasunaren banaketa, babes soziala, gazteriaren etorkizuna, genero berdintasuna, Euskal Herri euskalduna, euskal kultura, nortasun nazionala...". Ariznabarretaren esanetan, independentzia da "hitz horiek guztiak egia bilakatzeko aukerari ateak zabaltzen dizkion alternatiba bakarra".