Joseba Alvarez Sortuko kideak orain dela hilabete Donostiako Gure Esku Dago-ren mahai inguru batean zioen Euskal Herrian oraindik ez dela fase independentistarik. "Hau erabakitze eskubidearen aldeko fasea da". Euskal Herriaren aitortza ere azpimarratzen dute maiz eragile abertzaleek. Gutxiago independentzia eta euskal estatua bezalako terminoak, Independentistak sareak salbu. Ikusi da aurtengo Aberri Eguneko agiri edo adierazpenetan.
Kalean izan da, nagusiki, independentziaren aldeko aldarria: igandean Iruñean, Independentistak sarearen manifestazioan. Haren arabera, 25.000 lagun bildu ziren, berak antolatutako martxarik jendetsuenean. AB, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortuk —bostek batera ateratako adierazpenean—, eta Eusko Ekintzak eta LABek harako dei egin zuten. Ordezkaritza aldetik ere garrantzia eman zieten ekitaldiari, han izan baitziren Hasier Arraiz, Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria (Sortu), Pello Urizar eta Carlos Garaikoetxea (EA), Patxi Zabaleta (Aralar), Jakes Bortairu (AB), Laura Mintegi (EH Bildu). Igor Arroyo (LAB)...
Era batera edo bestera, paper desberdinak jokatu dituzte.
1. Alderdiak / Koalizioak
EAJk bost orrialde pasatxoko agirian ez ditu aipatu euskal estatua eta, zehazki, independentzia. "Euskadi gero eta independenteagoa behar dugu, eta, aldi berean, mundu zabalera gero eta irekiagoa". "Euskal Herriaren aitortza", "subiranotasuna", erabaki eskubidea eta "bortxakeriarik gabeko bizikidetza" nabarmendu ditu. EAJren adierazpena. Igandean Bilboko ekitaldian, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari eta EAJren EBBko presidente ohiak esan zuen "Euskadi nazio Europan" dutela xede. Espainiarekin ituna eginez, autogobernua handitzea, erabaki eskubidea aitortzea eta Europan zuzeneko parte hartzea izatea dira EAJren helburuak. "Burujabetza partekatua", zioen igandeko elkarrizketa batean, independentziaz ez zela ari zehatuz. PPk eta PSOEk baztertu egin zuten atzo Urkulluren planteamendua. Urkulluren adierazpena
AB, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortuk "Euskal Herriak estatua izateko duen eskubidea" aldarrikatu dute bostek egindako adierazpenean —orrialde eta erdikoa—; ez dute aipatu independentzia. Batik bat, erabaki eskubidea eta lurraldetasuna izan dituzte hizpide. Adierazpena. Larunbatean haiek Larresoron (Lapurdi) egindako ekitaldian ere aldarrikatu zuten, esaldi batean, estatua, eta independentzia aipatu zuten behin. "Bazterketarik gabe, independentziaren bidean lan egitea eta urratsak egitea izan behar da abertzale guztien ibilbide orria".
EH Bilduk ez du adierazpenik atera. Josu Juaristi Europako hauteskundeetako zerrenburua "euskal estatua eraikitzeko indarrak bildu" beharraz mintzatu zen Iruñean herenegun.
Sortuk Aberri Eguneko bere adierazpena bost minutuko bideo batean dakar, ez idatzi batean. Gora Euskal Herria independentea izan da haren leloa aurten. Euskarazko bideoan ez ditu independentzia eta euskal estatua aipatu; espainolezko bideoan bai euskal estatua —"euskal estatuaren aldeko arrazoi objetiboak gero eta handiagoak dira"—. Batez ere, erabaki eskubidea, "Euskal Herria aintzat" hartzen dutenen arteko akordioak eta "burujabetza" aipatu ditu. Bideotik at, agerraldian "euskal independentistak indarrak biltzera" deitu zituen.
Alternatibak ere plazaratu du berea, orrialde batekoa. Ez dakartza independentzia eta euskal estatua; "Euskal Herria burujabea, askea eta sozialista" dauka idatzia. Adierazpena
AB, EA eta Aralarrek ez dute agiri propiorik atera. Alternatiba, Sortu eta bosten adierazpenera mugatu dira. EAk igandean bazkaria egin zuen Atarrabian (Nafarroa), eta txio batean "independentzia helburu" zioen.
Geroa Baik ere ez du adierazpenik argitaratu, ezta deirik egin ere. Haren baitako Zabaltzen elkarteak atera du, bi orrialdekoa; "foru eskubideen erabilera", "proiektuak hautatzeko aukera", "pluraltasuna" edo "adostasuna" azpimarratzen ditu. Zabaltzenen adierazpena
Eusko Ekintzak, orrialde erdi bateko adierazpenean, independentzia maiz aipatu du. Kasurako: "Independentziaren bideari aldebakartasunetik ekin beharko diogu". Adierazpena
Hamaikabatek ere, orrialde eta erdiko idatzian ez dakar independentziaren eta euskal estatuaren aipamenik. "Oinarri-oinarrizko aldarrikapen politikoa, euskal gizartea anaiarte osatu batean elkartzea da", "Euskadi defendatzeko aberriaren irudi faltsuak borrokatu behar ditugu". Adierazpena
2. ETA
ETAk igandean plazaratu zuen Aberri Eguneko agiria —bi orrialdeko PDFa da—, eta independentzia, pasarte batean aipatzen du: "XXI. mendean independentzia proiektu gisa iraungita dagoela diotenen gainetik, herrien independentziarako aukerak gaurkotasuna eta etorkizuna duela baieztatzen ari da". Euskal estatuaren aipamenik ez dakar. ETAk dio Euskal Herriaren "burujabetza" prozesuan ezinbestekoa izango dela "iniziatiba kolektibo handiagoa artikulatzea", eta horrekin bat egiten duten eragileei dei egin die bidea zehaztera. Adierazpena
3. Sindikatuak
ELAk, lau orrialdeko adierazpenean, ez ditu aipatu independentzia eta euskal estatua. "Burujabetza betea" edo "subirania" terminoak erabili ditu. "Euskal Herriaren aitortza instituzionala" aldarrikatu du, eta erabaki eskubidearen aldeko konpromisoa agertu. Aberri Egunerako afiliatuei dei egin zien "ekitaldi publiko eta pluraletan" parte hartzera. Adierazpena
LABek, bi orrialdeko adierazpenean, bi pasartetan aipatu du independentziaren gaia. "Soilik independentziak bermatuko dizkigu eredu sozial justu bat eraikitzeko beharrezkoak ditugun baliabide politiko, instituzional eta juridiko guztiak", "independentzia dugu alternatiba, estatu sozialista bat eraikiko badugu". Adierazpena
---
Udalbiltza-Udalbidek lehen aldiz ez du adierazpenik atera
Udalbiltza-Udalbidek beti plazaratu izan du Aberri Eguneko adierazpena; aurten ez. Udalbiltza 1999ko irailean sortu zuten EAJko, EAko, EHko, ABko eta independente ziren hautetsiek, eta 2000n atera zuen Aberri Eguneko lehen adierazpena. 2001ean zatiketa izan zuen instituzioak, eta EAJk eta EAk 'Udalbiltza-Udalbide' izena eman zioten. EAko hautetsiek duela urte batzuk utzi zuten Udalbide. 2000-2012 arteko adierazpenak eta 2013koa
Udalbiltza "berrantolatua" iazko martxotik dago abian —EAJk uko egin zion—, eta iaz atera zuen Aberri Eguneko adierazpena; 2000ko bera izan zen, sorrerako helburu eta printzipioei eusten diela esanez. Aurten ere atera du agiria, herenegun; euskal ikurrak eta herri galdeketa ditu hizpide. Adierazpena