Zer da independentzia? «Mugimenduan dagoen gurpil zaharra. Mugimenduan dagoen herria. Bizitzen», dio batek, eskuan duen gurpilari eraginez. Besteak: «Bizitzen. Hori da! Biziki sinesten baitugu independentziak ongizate soziala ekarriko duela. Lana eta jana», ogi bakarra eskuetan duela. Ogia zatitu eta mahai baten gainean jarri ditu pusketa guztiak, denek jan dezaten. «Eta, orain, besteok zer ekarri duzue?», galdetu du.
Modu horretan hasten da Independentistak sareak abenduaren 6rako deitu duen martxarako bideoa. Atzo grabatu zuten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, Alex Tello eta Gotzon Sanchez aktoreen laguntzarekin. Bideoa, baina, ez da hor amaitzen. Telloren gurpilak bezala, eta Sanchezen galderari erantzunez, kulturako eta beste hainbat esparrutako pertsona ezagunek parte hartu baitute bertan. Bakoitzak eraman du berea: papera, mikrofonoa, aitzurra, mailua, oihala, sudur gorria edo surf ohola. Guztiak, independentziari eskainiak. «Independentzia ez da zerbait abstraktua. Are gutxiago independentziarik eza», hasi da Uxue Alberdi bertsolaria. «Gure egunerokoan eragiten digu, gure lanean, asmoetan eta paisaian. Ez dira berdin mugitzen zapatak independentzian eta haren faltan. Independentzia ez baita zerbait abstraktua, eta are gutxiago independentziarik eza», jarraitudu, bakoitzak, banan-banan, ekarri duena mahaigaineratzen ari den bitartean.
Ezohiko agerraldia egin du Independentistak sareak. Bitxia, ohi duen eran. Eta egun seinalatu batean: Hispanitatearen Egunean. Han bildutako 30tik gora lagunek, baina, beraientzat jai egunik ez dela erakutsi dute, independentziaren alde egindako ekarpenekin eta zapi berdea lepotik zintzilik dutela. Han bildutako jende kopuruarekin pozik agertu dira Independentistak sareko kideak. Gustura eta eroso, bertaratutakoak. Bideoa grabatu ondoren, mokadutxo bat jan, eta elkar agurtzeko tartea izan dute. Bertan izan dira, besteak beste, Arkaitz Estiballes eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri) eta Jon Gotzon Gurrutxaga (DJ Bull) musikariak, komunikazio alorreko Iñaki Uria eta Naroa Iturri (Hamaika Telebista), Joanmari Larrarte eta Joxean Lizarribar (BERRIA Taldea), Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, Xanti Antero Txan magoa eta Patxi Azparren Lizargorri taldeko kidea. Haiekin guztiekin batera, Independentistak sareko Txutxi Ariznabarreta eta Garbiñe Bueno.
Benetako aukera
Buenok eman du, hain zuzen ere, abenduaren 6ko mobilizazioaren berri. Durangon egingo dute, aurreko urteetan bezala, euskal liburu eta diska azokara gerturatzen diren herritarrak biltzeko asmoz. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako; ekitaldi nagusia arratsaldean izango da. Bagoaz. Euskal Herriak independentzia lelopean, «martxa berde» batek Durangoko kaleak zeharkatuko ditu.
Kultur eta euskaren alorreko hainbat pertsona bildu dituzteekimena aurkezteko eta bideoa prestatzeko. Hala ere, Buenok azaldu duenez, beste hainbat alorretako pertsonen atxikimendua lortzen saiatuko dira manifestaziorako, «euskal jendartearen oinarri zabala bilaka dadin ekitaldiaren deitzaile eta protagonista», nabarmendu du.
Iragana, oraina eta etorkizuna uztartu ditu Independentistak sareko bozeramaileak bere hitzaldian. Iragana: 2012. urteak izaera berezia duelako, Nafarroako konkistaren 500. eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenak izan direlako. Eta etorkizuna: «Orain zabal-zabalik dugulako pauso gehiago emateko aukera».
Orainari begira, berriz, Buenok adierazi du nazioartean sortu diren «independentziaren aldeko haizeak» Euskal Herrira iritsi direla. «Eskoziako prozesuak hankaz gora jarri ditu independentziaren aurka entzun izan ditugun argudio asko», nabarmendu du.
Independentistak sareko kideak Eskoziaren adibidea jarri du Euskal Herrian ere independentzia «bideragarria» dela adierazteko. Eta Quebec eta Kataluniako kasuak aipatu ditu, estaturik gabeko nazioentzat «erreferentzia berriak» bihurtu direla adierazteko. «Kataluniako Diadako mobilizazio erraldoiak lurrikara sortu du Espainiako Estatuan, eta izugarrizko oihartzuna Euskal Herrian eta mundu osoan; eta eztabaida politikoaren erdi-erdian jarri du independentzia», esan du Buenok.
Krisialdi ekonomikoa ere izan du mintzagai. Adierazi du egoera ekonomiko larriak «areagotu» egin duela Euskal Herriaren etorkizunari buruzko eztabaida. «Independentziaren aukera geroz eta indar handiagoa hartzen ari da etorkizuneko aukera erreal moduan, eta geroz eta euskal herritar gehiagorentzat euskal estatu propioa, bideragarria eta komenigarria izatez gain, guztiz premiazkoa da».
Hori esanda, Buenok azpimarratu du «aspaldiko baldintzarik onenak» daudela independentziaren aldeko lanak ugaritzeko.
Independentziari eskainiak
Abenduaren 6an Durangon egingo den martxan parte hartzera deitu dute hainbat pertsona ezagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu