Bilboko portuan joan zen igandetik berrogeialdian dagoen Stavanger Pearl itsasontziko eskifaiako bi kidek koronabirusaren Indiako aldaera daukatela baieztatu du gaur goizean Osakidetzak. Arratsaldean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du beste kasu bat ere agertu dela, aurreko horiekin lotu gabea.
Denera lau marineli atzeman diete koronabirusa Bilbon berrogeialdian duten itsasontzian, baina horiei hartutako laginen DNA sekuentziatzen ari dira oraindik, eta bakarrik birenak baieztatu ahal izan dituzte. Hainbat egun behar dira lan hori egiteko.
Osakidetzak esan duenez, «pertsona horiek behar bezala bakartuta daude», eta «transmisio katea kontrolatuta dago».
Eskifaia osoa jarri zuten berrogeialdian, bi kidek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak azaldu eta gero. Horiek biak Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zituzten, baina gero, beste bik garatu zituzten sintomak, eta haietako batek positibo eman zuen. Azken bi horiek Derioko hotel batera eraman zituzten (Bizkaia), bakartzeko etxerik ez dutenentzat prestatutako eremura. Gainontzeko hamazazpi kideak bakartuta daude ontzian bertan.
21 kiderekin heldu zen igandean ontzia Bilboko portura, 6.000 olio tona deskargatzeko. Suezko kanaletik abiatu zen, eta Rotterdam (Herbehereak) zuen helmuga. Lehen sintomak agertu bezain pronto, portuko agintaritzari jakinarazi zioten, eta horrek itsasontziko sartu-irteerak debekatu zituen.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak esan zuenez, positibo eman duten marineletatik bi Indiakoak dira.