Mangaloreko Bajpe aireportuan hegazkina lurra hartzen ari zela pistatik atera, eta amildegi batetik erori ondoren su hartu du. 158 lagun hil direla esaten ari dira Indiako komunikabideak, nahiz eta ofizialki ez duten hildakoen kopurua baieztatu, gorpuak ateratzen ari baitira oraindik. Ia denak atera dituzte, 152. Zortzi dira hegazkinetik ateratzea lortu dutenak, eta ospitalera eraman dituzte, horietatik hiru oso larri.
Air India Expresseko Boeing 737 hegazkinaren atzealdea ez ezik, gainerako guztia kixkalita geratu da. hegazkin konpainiako arduradunek esan dutenez, 160 bidaiari ziren, eta beste seiak hegazkineko pilotu eta langileak. Bidaiari guztiak indiarrak direla esan dute, gehienak Keralakoak, istripua izan den Karnataka ondoko estatukoa, eta 23 adingabeak ziren, lau ume txikiak.
Aireportu arriskutsua
Oraindik ez dute istripuaren zergatiaren berri eman, baina pilotuak lurra hartzeko baimena eskatu duenean, ez du ezer arrarorik adierazi, V.P Agarwal Air India Expresseko presidenteak esan duenez. Bizirik atera direnen arabera, ustez, pistan zegoen arazoa, lurra ikutzerakoan hasi baita hegazkina balantzaka, eta zaku batzuen kontra egin eta erori da 200 metro inguruko amildegitik. Hegazkina bitan banatuta geratu dela esan dute, eta tartean sortu den zulotik atera ahal izan dute zortzi lagunek. Denbora gutxira hartu du su hegazkinak.
Lurra hartzeko garaian bereziki zaila da Bajpe aireportua, Indiako zailenetakoa, diotenez. Muino batean dago, eta amildegiz inguraturik.
mundua
Indiako hegazkin istripuan 166 lagunetik zortzi bizirik dira
Indiako Mangaloreko aireportu batean izan da ezbeharra, eta 158 pertsona hil dira. Bizirik atera diren zortzi lagunetatik hiru oso larri daude. Hegazkina lurra hartzen ari zela amildegi batetik erori eta su hartu du. Bizirik daudenek su hartu aurretik lortu dute hegazkinetik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu