Jose Manuel Soria (PP) Espainiako Gobernuko Industria ministroak gaur beste pauso bat eman du Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) jarraitzearen alde: lehengo astean zioen ez duela baztertzen 2019ra arte zabalik izateko baimena ematea Garoñari, eta gaur erantsi du Espainiako aurreko gobernuaren itxiera agindua "baliogabetzeko borondatea eta asmoa" daukala.
Garoña 2013ko ekainaren 6an ixteko agindua eman zuen PSOEren exekutiboak, eta Auzitegi Nazionalak 2010eko uztailean baleko jo zuen hark zentral nuklearra ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna.
Soriak, dena dela, azaldu du agindu hura aldatu egin nahi duela berak, Espainiako CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluarekin ados jarrita. Horretarako, kontseiluak esan beharra du zentrala aurrera jarraitzeko moduan den ala ez.
Ministroak lehengo astean adierazi zuen CSNk bere garaian Garoñari 2019ra arteko baimena emateko txostena egin zuela —idatzia ez zen loteslea—, eta exekutibo berriak horri hel diezaiokeela aurrerantzean. "CSNk gaiko aditurik onenak ditu, eta horiek adierazi dute zentrala ixteak energia mota hori alferrikaltzea lekarkeela. Gaurko energia oro ez alferrikaltzearen alde nago neu".
Soriak gaur aitortu du Garoñaren ekoizpena estatuko besteen aldean txikia dela —ehun mila megabatioetatik laurehunekoa da—, "baina 2019ra bitartean energia modu garbian eta merkean ekoizteko ahala du, eta hori baliatu beharra dago".
Garoñako jabe Nuclenor enpresak esan du zentrala datorren urtean itxiko duten bezala ari direla lanean.
Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman —biak ere CSNk— eta egiturazko beste hainbat. 2006tik Espainiako Estatutuko zentralik zaharrena da. Arabatik gertu dago, eta legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du.