Iazko jaitsieraren ondoren, goranzko bidea hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriak. Eustatek zabaldutako datuen arabera, ekoizpen indizea iazko otsailean baino %1 handiagoa izan da.
Sektoreei erreparatuz gero, gorabeheratsua izan da bilakaera. Bitarteko ondasunak % 5,0 hazi dira, eta %3,8 Ekipamenduko Ondasunak. Aldiz, beherantz jarraitzen dute energiak (-%8,3) eta kontsumo ondasunek (-%5,2).
Energia ekoizpenaren jaitsiera horrek azaltzen du Bizkaiko industriaren jaitsiera (-%3,7), lurralde horretan biltzen baita energia sektorearen zatirik handiena. Araban %3,2 hazi da industria, eta %4,7, berriz, Gipuzkoan.