«Patronala hazita dago». Enpresaburu elkarteek lan kostuak igo eta igo ari direla eta industriari lehiakortasun galera dakarkiola diotenean, «gezurretan» ari dira, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren arabera. «Eta ez da gezur txikia». 1994tik 2004ra, Euskal Herriko ekonomiaren eta industriaren hazkunde garairik oparoenean, irabaziak hirukoiztu egin dira, langileen soldatak inflazioaren azpitik igo diren bitartean. Hots, ELAren arabera, hazkunde ekonomiko handieneko garaian, langileek eros ahalmena galdu dute.
Eustaten datuetan oinarritu da ELA. Mikel Noval ikerketa batzordeko arduradunaren arabera, hamar urteko epean EAEko industriako enpresen irabazi gordinak %201 igo dira, langile gastuak %73 igo diren bitartean. Hala, enpresek fakturatutakoaren %17,2 lan kostuetara bideratu ziren 2004ean, 1994ean %21,9 bideratu ziren bitartean. Aldiz, irabaziak salmenten %5,5 ziren duela hamabi urte, eta %7,8, berriz, 2004ean. Irabazien eta lan kostuen arteko aldea estutu egin da hamar urte horietan.
Era berean, epe horretan, langile bakoitzeko kostuak %30,6 igo diren bitartean, Kontsumo Prezioen Indizeak %33,7 gora egin du. Industriaren irabaziak hirukoiztu diren garai horretan langileek eros ahalmena galdu egin dute.
Kontraesan hori ulertzeko hiru arrazoi eman ditu Elorrietak. Batetik, enpresak askok «ia monopolio egoera» dutela, eta prezioak ezartzeko aukerak dituztela; bigarrenik, euren aldeko egoera fiskala dutela -«aldundiak lehian ari dira Espainiako Gobernuarekin ea nork jartzen duen Sozietate Zerga apalagoa»-; eta azkenik erreformek lan merkatua araugabetu dutela, behin-behinekotasuna eta prekarietatea zabalduz.
LAN KOSTUAK «EZ DIRA ARAZO».Azken datuak 2004ekoak izan arren, Elorrietak gogorarazi du azken txostenek industria, bai produkzioan bai emaitzetan, «ondo» dagoela, eta gorantz egiteko aurreikuspenak dituela. Bereziki Alemania eta Frantzia bezero nagusiak sendotzeko zantzuak dituztelako. Horregatik, Elorrietak ez du ulertzen zergatik patronala kexu den lan kostuen arazoaz. «Lan kostuak ez dira arazo enpresaburuentzat, abantaila baizik».
Adolfo Muñoz ELAko negoziazio kolektiboko arduradunaren iritziz, enpresaburuak «hazita» daude erakundeetatik bultzatutako politikek aberastasuna enpresaren aldera bideratu dutelako, eta patronala egoera horren onuradun nagusi delako. Muñozen arabera, negoziazio kolektiboa da egoera aldarazteko eta aberastasuna modu zuzenagoan banatzeko sindikatuek duten baliabide nagusia.
«Hala ere, patronalak ez dio heldu nahi muinari. Behin-behinekotasunari, bereizkeriari, negoziazio kolektiboak jende asko gogobetetzeko tarte handia baitago». ELAren arabera, geroz eta gehiago baitira zerbitzuetan zein industrian prekarietatea jasaten duten langileak, eta hortaz negoziazio kolektiboa pertsona horien zerbitzura egon behar duela iritzi dio, errealitatearen «argazki lizun» hori jasaten dutenak baitira.
Industriaren hazkunde garaian, langileek eros-ahalmena galdu dute
ELAk «lizuntzat» jo du 1994tik enpresek irabaziak hirukoiztea, eta banaketa egokiagoa aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu