INEMen arabera, 1.502 langabe gutxiago izan dira apirilean

Iazko apiriletik, ordea, lanik gabekoen kopuruak gora egin duela esan du Enplegu Institutuak

Miren Garate.
2008ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
INEM Espainiako Enplegu Institutuak emandako datuen arabera, apirilean martxoan baino 1.502 langabe gutxiago izan dira Hego Euskal Herrian. Alabaina, joan den apirileko datuekin alderatuta, emaitza txarrak dira, orduan baino 6.789 langabe gehiago zenbatu baititu INEMek.

Herrialde guztien jaitsi da lan bila dabiltzanen kopurua, gehiena Nafarroan. INE Espainiako Estatistika Erakundeak orain hamar egun kaleratutako azterketaren arabera, herrialde horretan nabarmen hazi zen langabezia tasa urtarriletik martxora bitartean: 5.800 gehiago kontatu zituen.

Bada, INEMen txostenak bestelako egoera erakusten du, 618 langabe gutxiago izan direla hain zuzen. Hala ere, iaz baino 3.030 lagun gehiago daude herrialde horretan enplegurik gabe. Guztira 23.586, langile aktiboen %7,4 hain zuzen. Gipuzkoan %6,94 da langabezia tasa, Araban %7,43koa, eta Bizkaian, %8,39koa.

Kontratuei dagokienez, 93.193 kontratu egin dira apirilean. Horietatik 83.455 aldi baterako izan dira, eta 9.738 mugagabeak.



ENPLEGUAREN KALITATEARI KRITIKA. LAB sindikatuaren iritziz, INEMek emandako datuak ez dira baikorrak. Eta Nafarroaren kasua aipatu du. «Oso urrun gaude joan den urteko datuetatik. Nafarroan bereziki txarra izan da langabeziaren bilakaera, ordutik %15,20 hazi baita». Era berean, 1.263 emakume gutxiago zeudela apirilean lanik gabe esan du, baina, halere, oraindik haien langabezia tasa gizonena baino handiagoa dela salatu du.

Horrez gain, INEren datuen arabera, urteko lehen hiruhilekoan 4.200 langabe gehiago izan direla gogoratu du, eta 4.300 postu gutxiago daudela. «Datu horiek erakusten dute ekonomiaren hazkunde erritmoa murriztea enpleguari kalte egiten diola», esan du.Hala, «lehendik ere ezaugarri nagusitzat prekarietatea» duen lan egoera okertzen ari dela salatu du.

CCOOren arabera, berriz, INEMek emandako datuak baikor egoteko modukoak dira. «Kontuan hartuta moteltze ekonomikoak piztutako alarma, Euskadiko datuak onak dira». Sektore guztietan egin duela behera langabeziak esan du, eta batez ere zerbitzuen arloan -azken hilabeteetan hor igo da gehien langabezia tasa-. Halere, enpleguen kalitatea hobetu behar dela aldarrikatu du. Sindikatuaren arabera, ehun kontratutatik 90 prekarioak baitira.

UGTk ere zerbitzuetako langileen egoera izan du hizpide. Haren arabera, kontratu mugagabeak bultzatzea da sektoreko «errotazio handiari» aurre egiteko bide bakarra. Izan ere, lanik gabe daudenen %66 sektore horretakoak direla nabarmendu du.



ZenBaKIa

9.738

Apirilean egindako kontratuak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 93.199 kontratu egin ziren apirilean. Horietatik 9.738 soilik izan ziren mugagabeak; gainerakoak, 83.455, aldi baterakoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.