Epaiketa

«Infernuaren alde egitea guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da»

Gaur hasi da Donostiako Infernua guneko hamalau auzokideren aurkako epaiketa. Usurpazio delitua egozten diete, Gipuzkoako Aldundiaren eraikin batzuk okupatzeagatik. Infernua Bizirik taldeak protesta egin du epaitegian.

Infernua Bizirik taldearen protesta Donostiako epaitegiaren aurrean. BERRIA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 22a
13:13
Entzun

Infernua Bizirik taldeko kideek protesta egin dute goizean Donostiako epaitegiaren aurrean, auzitegi barruan Infernua guneko hainbat auzokideren aurka abiatu den epaiketa salatzeko. Guztira hamalau lagun pasatuko dira epailearen aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak diren hiru erakin okupatzeagatik usurpazio delitu bat egotzita. Gaur lehenengo zortziak epaitu dituzte, eta beste seiak urriaren 20rako deitu dituzte deklaratzera.

Otsailaren 6an Ertzaintzak guneko hiru bloketan eginiko operazioan identifikatutako pertsonak dira auzipetuak, eta aldundiak haien aurka bide penala erabili izana gaitzetsi du gaur Infernua Bizirik-ek, horrekin, eraikinaren jabetza berreskuratzea bilatzea baino gehiago, «okupak zigortzea» bilatzen duela uste duelako.

Epaitegi aurreko protestan zehaztu dutenez, Infernuan okupaturiko eraikinak «80ko hamarkadatik abandonatuta daude», eta azpimarratu dute kideek sei urte daramatzatela hor bizitzen. «Urte horietan guztietan diputazioa ez da jabetzaz arduratu», adierazi dute. Hala, azken hilabeteetan Infernuan izan dituzten polizia operazioak eta azaroan gune okupatuko eraikin handienean izandako husteak «gentrifikazioaren ondorio» direla nabarmendu du Infernua Bizirik-ek, eremu horretan Donostiako Udalak urbanizazio proiektu bat abiatu duela gogoratuz.

Infernuko gune okupatuetan, ordea, jendeak bizitzen urteak daramatzala seinalatu dute: «Migratzaileek eta transmaribolloek ez daukate lekurik gaur egungo Donostian, eta horregatik elkartu gara periferian; horregatik egin dugu komunitatea eta hartu dugu konpromisoa elkar babesteko».

Hain zuzen, azaroko hustearen ondorioz, Infernuan bizi ziren 60 pertsona «kale gorrian» geratu zirela salatu dute, eta, egoera horri aurre egiteko, auzokideek «aterpe publikoek betetzen ez duten funtzioa» bete zutela gogoratu: «Politika publikoen arduragabekeriaren aurka, auzo moduan antolatu ginen, eta libre zegoen espazioa txukundu genuen gertukoenen ongizate minimoa bermatzeko».

Donostiako Udalaren hirigintza plana, bestalde, aurrera doa oraindik, eta joan den astean Infernuko eraikinen eraisketa lanak berrartu zituzten, eremu horretarako aurreikusita dauden 540 etxebizitzen eraikuntza neguan abiatzeko asmoz. Horiek horrela, Infernua Bizirik-ek ohartarazi du gunea «huste arriskuan» dagoela oraindik ere, eta haren alde egiteko «antolakuntzarako deia» egin du.

«Infernuaren alde egitea ez da hiru eraikin defendatzea bakarrik: guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da; gentrifikazioaren aurka egitea da; ertzeko komunitateen alde egitea, Poliziaren erasoen aurka egitea, zapalkuntza ezberdinen arteko aliantzen alde egitea... Infernuaren alde egitea Donostia erradikalki aldatu nahi izatea da», adierazi du taldeak epaitegiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.