Jantziak eta oinetakoak garestitu dira nabarmen azaroan. Nafarroan, esaterako, %6,1 igo dira sektore horretako prezioak; Bizkaian %3,8; eta Araban %3,3. Dena den, apalagoa izan da igoera Gipuzkoan: %0,4 garestitu dira. Jakien prezioek izandako garestitzea ere aipatzekoa da: %1,4 garestitu dira Araban, %1,2 Bizkaian eta Nafarroan, eta %1,1 Gipuzkoan.
Sektore guztietako datuak kontuan hartuta, berriz, Nafarroan garestitu dira gehien prezioak azaroan, %1,1, hain justu. Araban eta Bizkaian %0,8 igo dira, eta Gipuzkoan izan da garestitze apalena: %0,5.
Azaroko inflazioaren datua erabiltzen da pentsiodunei prezioen gorabeheren aldeagatik itzuli beharrekoa kalkulatzeko. %4,1 garestitu dira prezioak Hego Euskal Herrian, eta, hortaz, bilakaera hori dela-eta pentsiodunek galdu duten eros-ahalmena konpentsatu beharko die Espainiako Gobernuak. Gobernuak emandako datuen arabera, 195,41 euro gehiago jasoko dute pentsiodunek urtarrilean, prezioaren igoeraren ordainetan.
Baina igoera hori «oso eskasa» iruditzen zaio UGTri. Sindikatu horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Ekintza Sindikaleko arduradunaren hitzetan, hilean 18 euro gehiago soilik jasoko dute bertako pentsiodunek, eta «kopuru horrek gutxi hobetuko du lehendik ere eskasa den pentsiodunen eros-ahalmena».
Pilar Collantesen ustez «oso kezkagarria» da jakiak jasaten ari diren garestitzea. «Oinarrizko jakiak garestitu dira gehien, ogia, esnea, hegazti haragia... eta horrek langile eta pentsiodun xumeenei egiten die kalte bereziki». Ogia %14 garestitu dela kalkulatu du UGTk, esnea %30 igo dela, eta hegazti haragia %11,4.
Hori kontrolatzeko agintariek zer edo zer egin beharko luketela uste du sindikatuak, eta hala egiteko eskatu die: «Diru sarrera eskasenak dituzten sektoreak kaltetzen dituzten enpresaburuei aurre egin beharko liekete, prezioen garestitze horien eragile zuzenei hankak gelditzeko esan beharko liekete, beste behin ere, gutxien dutenak baitira kaltetuenak».
Baina hori bakarrik ez, euskal enpresaburuek langileen eros-ahalmena sendotzeko ahalegina egin beharko luketela ere uste du Pilar Collantesek, eta negoziazio kolektiboetan horren aldeko apustua egiteko eskatu die: «Langileok gero eta ahalegin handiagoa egin behar dugu eguneroko jakiak erosteko, eta hori kontuan izan behar dute enpresaburuek lan itunak sinatzerakoan; langileen eros-ahalmena zaintzeko moduko lan baldintzak behar dira».
Euroaren eremuan %3,1 garestitu dira prezioak
Euroguneko KPI kontsumo prezioen indizeak ere gora egin du azaroan. Eurostatek emandako datuen arabera, %3,1era igo da inflazioa, urritik azarora prezioak %0,5 garestitu ostean. 2001eko maiatzaz geroztik izan duen mailarik altuenean geratu da, horrenbestez.Jakiak eta erregaiak bereziki garestitu dira, eta horrek eragin du inflazioaren igoera, Eurostaten arabera. EBZ Europako Banku Zentralak, gainera, jakiak oraindik ere gehiago garestitzeko arriskuaz ohartarazi zuen herenegun.
Lanak izango ditu EBZk aurten bere helburuak betetzen. Finantza erakunde horren arabera, prezioen egonkortasuna bermatzeko inflazioa %2aren azpitik egon behar du eurogunean, eta horretan ahalegindu izan da beti. Abenduan gertatuko denaren zain, lanak izango dituela aurreikus daiteke.