Informazio nazionala, herrialdekoa eta tokikoa, ostiralero

Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko 'Hitzak' kaleratuko dira BERRIA egunkariarekin batera

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Datorren ostiralean produktu osatuagoa eta berritua izango dute esku artean BERRIAren irakurleek, BERRIAk eta Hitzek azken hilabeteetan garatutako elkarlanari esker. Irakurleek informazio osoagoa jasoko dute: informazio nazionala, herrialdekoa eta tokikoa egunkari bakarrean. Izan ere, ostiralero BERRIArekin batera, Arabako Hitza, Bizkaiko Hitza, Gipuzkoako Hitza, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Nafarroako Hitza banatuko dira, bakoitza bere herrialdean. Hitza argitaratzen den eskualdeetan, BERRIAren harpidedunek eta erosleek, informazio nazionala eta tokikoa jasotzeaz gainera, eskualdeko informazioa ere jasoko dute; izan ere, eskualde horretako Hitza barruan jasoko dute. Hitzetako harpidedunek ere izango dute abantailarik: Hitza jasotzeaz gainera, herrialde horretako astekaria jasoko baitute.

Dibertsifikazioaren aldeko apustua egin du Berria taldeak, jakitun baita euskaraz oso zaila dela produktu bakarrarekin jende askorengana iristea. Horregatik, dibertsifikazioaren bidez jende gehiagorengana iristeko apustuaren bidetik, herrialde mailako astekariak argitaratzea erabaki du. Herrialde bakoitzeko euskaldunak euskaraz irakurtzera bultzatuko dituen produktua osatu nahi du, gertukoa eta irakurterraza, eta modu horretan informazio nazionalaren eta lokalaren arteko hutsunea bete nahi izan du. Izan ere, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren ustez, gaur egun bada informazio lokal eta nazionaletik at geratzen den irakurle mota bat. Eta horiengana iritsi nahi du BERRIAk, astekari horien bidez. Gainera, informazio nazionala indartzeko modua ere badela uste du zuzendariak.

Gipuzkoako Hitza-k eta Bizkaikoak hamasei orri izango dituzte, eta Arabakoak, Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak, berriz, zortzi. Informazio soziala landuko dute batez ere, eguneroko adierazpenen kazetaritzatik eta eguneroko zurrunbilotik ihes eginez. Kazetaritza pausatuagoa landuko dute, eta eguneroko egunkarian lekurik izan ez duten erreportaje, elkarrizketa eta gainerakoak jorratuko dituzte, zabal. Iritzi saila ere izango dute, eta astekari bakoitzak herrialdeko zutabegileak izango ditu: astero herrialdeko bizitzari errepasoa emateko gunea izango da, gogoetarako esparrua.

Halaber, ostiralean argitaratuta, asteburuko gehigarri erreferentziala bihurtzea da helburua. Horretarako, agenda zabala, kutur agenda eta horri lotutako ekitaldien inguruko informazioa, erreportajeak eta elkarrizketak landuko dituzte.

40 orrialdeko egunkaria

BERRIA egunkariak ere izango du aldaketarik; nagusiena zortzi orrialde gutxiago izango dituela. 40 orrialdeko egunkaria izango da. Sail guztiei eutsi bazaie ere, horrek sail guztietan egokitzeak egitea eskatu du. Otamendi zuzendariak, dena den, argi du: «Saiatu behar dugu orrialde gutxiagorekin produktu hobea egiten. Nahiz eta kantitatean jaitsi, kalitatean igo behar dugu. Lehen begiratuan badirudi egunkari nazionala kaltetuta irten dela, baina ezin ditugu aldaketa horiek erronka osotik kanpo aztertu. Eskaintza globala landu dugu: hiru mailako informazioa produktu berean emango dugu. Esaterako, baloratu behar da prozesu honetan Ipar Euskal Herriak zortzi orrialdeko astekaria izango duela».

Orrialde gutxiago izatean, BERRIAk «selektiboagoa» izan beharko duela nabarmendu du Otamendik, eta agenda propioa gehiago landu behar duela. Dena den, aitortu du zaila dela hedabide guztiek maneiatzen duten agenda komun horri ihes egitea: «Kanpokoek ezarritako agendatik ateratzea zaila da. Guztiek daukate komunikazio kabinete bat, eta denak daude kezkatuta beren albisteak prentsan atera daitezen». Horren ondorioz, kazetaritza eredua aldatzen ari dela deritzo Otamendik, eta kexu da «errazkerian» erortzen ari delako. Haren ustez, «notaritza lana» egiten da egun, eta egunkariak haiek sortzen duten informazioaren bitartekari eta igorle bihurtzen ari direla, kazetaritzaren funtzio historikoa galduz. «Gainera, BERRIAren kasuan, kontuan hartu behar dugu gurearen moduko egunkari batek lagun asko dituela. Bestela, ezinezkoa litzateke BERRIA izatea. Izaten laguntzen diguten horiek ere eskatzen digute gure egunkarian tokia izateko. Eta, ondorioz, hori ere kudeatzen jakin behar da».

Erdiz erdi, sail berria

Egunkariak sail berri bat izango du: Erdiz Erdi. Zentralitatea izango du, eta egunkari kualitatiboa izateko bidea emango du, Otamendiren arabera. «Egunero beste egunkarietatik berezituko gaituen saila izango da». Harian saila bezperako albisteari lotuko zaio guztiz, eta Ezarian saila orain arte bezalakoa izango da.



Aurkezpenak

Azaroaren 5ean abiaraziko dute BERRIAk eta Hitzek proiektu berria. Hona hemen herrialdeetan egingo diren aurkezpenak:

Gasteiz. Azaroaren 2an, asteartea, 19:30ean, Artiumen.

Bilbo. Azaroaren 3an, asteazkena, 19:30ean, Kalderapekon.

Iruñea. Azaroaren 3an, asteazkena, 19:30ean, Zaldiko Maldikon.

Gipuzkoa. Azaroaren 4an, osteguna, 19:30ean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

Baiona. Azaroaren 5ean, ostirala, 11:30ean, Elkar Megadendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.