Zinemaldia eta jazzal-dia. Horra bi hitz, joan den mendean asmatuak, eta nazioartean aski sona lortu duten bi ekitaldi izendatzeko erabiliak, Donostiako Zinemaldia eta Getxoko Jazzaldia. Baina izenak mende honetan asmatu behar balitzaizkie, Donostia Film Festival eta Getxo Jazz Festival ez ziren urruti ibiliko. Halaxe zabaldu da, izan ere, ekitaldiei eta eraikuntza edo erakundeei ingelesezko izenak jartzeko ohitura. Hor daude, adibiderako, Bilbo BBK Live eta San Sebastian Gipuzkoa Restaurant Week, Azkena Rock Festival ahaztu gabe, edo jaiei atzetik fest eransteko ohitura gero eta zabalduagoa —festa edo festival esan nahi duen ez sumatzeko moduan—; Zarata Fest, esaterako.
Kasu batzuetan errazago da arrazoia ulertzen. HTAi Health Technology Assessment International ari dira egiten aste honetan Bilbon, nazioarteko osasun eta teknologia biltzarraren urteko kongresua alegia. 50 herrialdetako 1.300 ordezkari bildu dira bertara, eta ingelesak irabazia dulingua franca estatusa halako topaketetarako. Enpresek nazioartera hedatzeko eta nazioartean saltzeko azken urteetan egin duten ahaleginak ere azaltzen du ingelesaren hedapena ikerketa eta industria esparruetan. Oronak egin duen bidea izan daiteke horren erakusgarri: ekoizpenaren ehuneko handi bat saltzen du atzerrian. Baita Basque Culinary Centerrek egin duena ere: bertan ikasten ari diren ikasleen %80 dira erdaldunak, eta masterretako ikasleen erdiak, atzerritarrak.
Batek zein besteak ingelesezko izena hautatu du. IDeO Innovation City eraikitzen ari da Orona Galarretan (Hernani, Gipuzkoa). Ingeles hutsean dagoen panel bat jarri du bertan. Jokalekua munduan du Oronak, eta Galarretan eraikitzen ari diren zentroa Europan erreferentzia izatea nahi dute.
Izena garrantzitsua da kanporako pauso emateko orduan. Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak honela azaldu du unibertsitateari izena jartzeko prozesua nola izan zen: «Hasieratik garbi genuen, izenetik hasita, non kokatzen zen, sustraiak non zituen erakutsi behar zuela». Horregatik jarri zioten basque. «Baina baita proiektuaren ikuspegia nazioartekoa zela ere. Gure joku esparrua munduan dago». Beraz, culinary. Irakasleak nahiz ikasleak «mundu guztitik» erakarri nahi zituzten, eta hala gertatzen ari dela azaldu du Aizegak. Uste du, gainera, izena horretarako lagungarri egin zaiola proiektuari: «Markak izan duen oihartzuna lagungarri izan da. Lagundu digu bi helburuak betetzen: proiektua Euskal Herrian kokatzen eta nazioartean zabaltzen».
Unibertsitateak Donostian duen egoitzan euskara, gaztelania eta ingelesa darabiltzate. «Gustatzen zaigu eleaniztasuna». Orain beste urrats bat egitekoak dira: ama hizkuntza ingelesa duen irakasleren bat kontratatunahi dute. Etorkizunean, unibertsitatean bertan zerbitzuak hiru hizkuntzetan emateko moduan egon behar dutela uste du Aizegak. Turista asko gerturatzen zaizkie, gainera, eta haiei ere erantzun behar diete. Beste urrats bat Sukaleku fundazioarekin egin nahi dute. Kulturarekin lotutako proiektuak garatuko lituzke Sukalekuk etorkizunean, eta euskarazko marka mantenduko luke, baita kanpoan ere.
Estrategia eta helburuak
Euskal hiztunek pentsatzen dute naming-a euskaraz egiteak euskararen normalizazioari laguntzen diola, eta alderantziz, Joseba Kamio Harman komunikazio enpresako zuzendariaren hitzetan. Baina eztabaidak badu beste ertz bat: «Batzuek beldurra senti dezakete halakoen aurrean, baina urrunago joan behar luke gogoetak: estrategia kontua izan behar luke». Eztabaida hauek ez dira hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetan soilik sortzen, Kamioren esanetan; kezkak eta ingelesaren aurreko erreakzioak leku guztietan gertatzen ari dira, baita Frantzian ere. «Musika taldeek ere, zergatik kantatzen dute ingelesez?». Sumatzen dute helburura iristeko era eraginkorrena ingelesa baliatzea dela.
Euskaldunek euskararekin duten kezkak eramaten ditu arazo hauei «alderdi ideologikotik» begiratzera, Kamioren esanetan. «Baina honek ez du zerikusirik alderdi ideologikoarekin, baizik eta estrategikoarekin. Halako erabakien atzean kalkulu batek egon behar luke». Ingelesezko izenak hautatzen dituzten proiektuentzat, kasu bakoitza bera bakarrik aztertu beharko litzatekeela iruditzen zaio, eta izena erabakitzeko momentuan «beti» kalkulu hori egin beharko litzatekeela erantsi du: «Norainoko eta nolako kalkulua egiten den, hori beste kontu bat da. Kalkulu zuzena edo okerra izan den, denborak esango du. Eraginkorra eta egokia izango da, zeinentzat eta nola egin den».
Kamioren kezka komunikazio estrategien bidetik doa, baina Juan Ignacio Perez Iglesias EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleari iruditzen zaio «lerdokeria» batzuk egin izan direla ingelesezko izenak hautatzeko orduan. BEC Bilbao Exhibition Centre iruditzen zaio horren adibide argiena, eta huraxe izan zen lehenetakoa ere: «Ez dut argi ikusten; BECen lanean dagoen jendea bertakoa da, eta beste toki batzuetatik etorritakoak ez dira bertan egoten etengabe lanean». BECen izena ingelesez egotea gaizki dagoenik ere ez luke esango, baina zentzu edo arrazoi argirik ez dio ikusten, San Mames futbol zelaiari Football Stadium deitzeak zentzurik izango ez lukeen bezala, haren esanetan.
Okerragoak edo ulertzen zailagoak badirela uste du, hala ere. Bilboko Alondegiak antolaturiko Yes Future topaketa, adibidez: «Hor egon garen bezero denak bizkaitarrak gara. Ez dut ulertzen». Alondegiak berak antolatu ditu, halaber, Atrio Projects eta Live Music Experience, oraintsu.
Edozein modutan, Kamiorekin bat dator Perez: kasu bakoitza ikusi behar da, haren arrazoiak, helburuak, estrategia eta praktika. Oro har, hala ere, iruditzen zaio hausnarketa sakonik gabe hartzen direla ingelesezko izen batzuk: «Niri iruditzen zait ez dela asko pentsatzen». Eta horrek kezkatzen du, esan nahi duenarengatik: «Nolabaiteko konplexua adierazten du horrek. Nazioartekotzeko borondatea aitzakiatzat hartuta, ematen du modernoagoak garela. Eta ez gara modernoagoak izenak ingelesez emateagatik. Ematen du kosmopolitagoak garela, eta ez da hala».
Orain, ulertzen du zenbait kasutan ingelesezko izena hartzea, eta komenigarritzat ere jotzen du kasu batzuetarako. DIPC Donostia International Physics Center aipatu du horien artean: «DIPC, adibidez, ondo dago dagoen bezala. Eredu argi bat da, ondo egindakoa». DIPCk erabat nazioarteko komunitateari begira lan egiten duela oroitarazi du: «Ulertzen dut ingelesezko izena hartzea, nazioartera begira egongo bada, benetan atzerritik etorritako ikertzaileak arituko badira bertan. Kasu horretan ez dut dudarik egiten».
Baina horietan ere Perezek ez luke baztertuko, ingelesezko izenarekin batera, bertako beste hizkuntza bat erabiltzea. «Ahal den neurrian, bertako hizkuntzak erabili beharko genituzke». Nazioartekotzeko eta «esparru geografikoa» gainditzeko borondatea baldin badago, ulerberagoa da. Baina izen nagusiaren alboan bertako hizkuntza, «ahal bada», erabiltzea egoki ikusiko luke.
Eta kasu batzuetarako ingelesa erabiltzea guztiz ulergaitza zaio. Getxo Sea Week jarri du adibide modura: «Ez dut ulertzen. Ez dakit zein den arazoa gure hizkuntzak ez erabiltzeko. Bi hizkuntzarekin aski ez, eta beste bat beharko bagenu bezala da. Baina bestehori ez da gurea, eta, gainera, gure arteko gutxik ulertzen dute». Ez zaio arrazoirik falta; inkestetan, hamar euskal herritarretik bik esaten dute ingelesez ongi egiten dutela —Europan hamarretik laukoa da batez bestekoa—; gazteen artean, bitik batek erantzuten du badakiela ingelesez.
Hizkuntza estrategiarik, ez
Izena ingelesez jartzeak, baina, ez du bermatzen jarduera eleaniztuna. Olatz Olaso Emuneko teknikariak argitaratu berri duen artikulu batean azaldu du enpresa gutxik zehazten dutela hizkuntza estrategia, eta gaztelaniaz aritzen direla barrura begira: «Oraindik ere, merkatuek eta ikerketek kontrakoa esaten badute ere, enpresei kosta egiten zaie hizkuntzen inguruko estrategiak definitzea».
Arrazoia sinplea da: komunikazio estrategietarako, errazagoa da hizkuntza bakar bat erabiltzea. Errazagoa bai, baina ez zertan hobea; arazoak bezainbeste aukera eman ditzake hizkuntza bat baino gehiago baliatzeak. Konplexuagoa da, baina egin daiteke, eta badaude adibide «txukunak», Kamioren ustez. Kasu horietarako, arazo handienetako bat hortxe dago: «Nola kudeatu? Hori da problema». Suedia ekarri du hizketa gaira Kamiok: bertako hizkuntza erabili ohi dute izenak emateko, baina baita ingelesa ere. Eta hori baliagarri da kanpotarrentzat eta turistentzat bezala bertakoentzat ere.
Hizkuntza bat baino gehiago kudeatzeko aukera bat azaldu du Kamiok: hiztun komunitate bakoitzarentzat elkarrizketa propioa sortzea. Interneten errazago da hori; euskarazko komunitateak bere edukiak eta elkarrizketak izan ditzake alde batetik, eta gaztelaniazko, ingelesezko edo dena delako hizkuntza komunitateak bere edukiak eta elkarrizketak. Webgune bateko edukiak itzultzea ez da aski, komunikazio estrategiak urrunago joan behar luke, Kamioren ustez: «Hartzaile bakoitzarentzat egokitutako elkarrizketa berezitua sortu behar da».
Eta hor du erronketako bat euskal komunitateak: besteen lekuan jarri, ulertu, eta aurrea hartu. «Denok jarri behar dugu bestearen lekuan, eta bizkarra irabazi behar diogu aurrelariari. Hizkuntzara mugatzen badugu arazoa, beti arrazoi izango dugu. Baina arrazoia edukitzea ez da nahikoa». Estrategia da aintzat hartu behar dena, Kamioren esanetan. Eta estrategiak eska dezake, ez agian ingelesa, baizik eta frantsesa erabiltzea, edo euskara eta beste hizkuntzen arteko «hibridoak» sortzea. Aukera ugari daude. «Ez da aukera bakarra; ez du zertan beti ingelesez izan».
'Naming'-a ingelesez
Ingelesez, 'of course'
Nazioartekotzeak eraman ditu enpresa eta ekitaldi batzuk ingelesezko izenak hartzera; adituek ez dute argi ikusten, ordea, aukera egokiena ote den ekinbide guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu