Inguruak eragin zuzena du osasunean, EAEko hilkortasun atlasaren arabera

Hamar heriotzatik lau gaixotasun kronikoek eragin dituzte, 1996 eta 2003 artean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Eskualde behartsuek heriotza tasa handiagoa dute, eta bizilekuaren ongizateak herritarrek dituzten gaixotasunetan eragiten du», ohartarazi du Santiago Esnaolak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikasketa eta Ikerketa arloburua da, eta EAEko Eskualde Txikietako Hilkortasun Atlasa aurkeztu zuen atzo. Gabetasun sozioekonomiko eta sozialek, inguru fisikoaren kalitateak, lan ingurugiroak, hirigintzak, bizilekuaren ezaugarri soziokulturalek eta azpiegiturek leku zehatz bateko biztanleriaren osasunean eragin zuzena dutela baieztatu dute txostenean. 1996tik 2003ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jasotako heriotza kasuak aztertu dituzte.

Diabetesak, urdaileko minbiziak, hiesak eta zirrosiak hildako emakume gehienak, adibidez, eskualde behartsuetako bizilagunak ziren. Gizonezkoen kasuan gaixotasun guztiek eragindako heriotzak ugariagoak dira baliabide ekonomiko urriko inguruetan. Halere, heriotza gehien eragiten duten eritasunak, tumore gaiztoak, kardiopatia iskemikoak eta garuneko hodietako gaitzak dira, bi sexuetan.

Eskualdez eskualde, gizonezkoen artean hiru gaixotasun horiek Bilboaldean eta Donostiako metropolian gailendu dira. Emakumezkoen artean, berriz, banatuago daude. Garuneko hodietako gaitzek eragindako heriotza gehienak Bizkaian gertatu dira. Urdaileko minbiziak hildako emakumeak, ordea, batez ere arabarrak izan dira. Biriketako minbizia, berriz, azpimarratzekoa da Bilboko itsasadarraren eskuin ibarreko herrietan.

Azken adibide horretan sakonduz azaldu du Esnaolak eskualdeak duen garrantzia hori. Haren esanetan, aurrena, gizonezko aberatsak hasi ziren erretzen, eta, ondoren, emakume aberatsak eta maila apalagoetako gizonezkoak. «Gutxi gorabehera duela hogei urteko ohituren ondorio dira gaur egungo gaixotasunak». Beraz, eskuin ibar aberatsagoan emakumeen artean dago biriketako minbizi kasu gehien, eta ezker ibarrean gizonezkoen artean.

Bizkaian emakumeen eta gizonezkoen heriotza tasa handiena duten eskualdeak Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea eta Enkarterri dira. Gipuzkoan, berriz, Donostia, Tolosaldea, Urola Kosta eta Deba Garaia gailendu dira emakumeen kasuan; gizonezkoetan igualtsu dabiltza guztiak. Araban, azkenik, hiriburua eta Arabako Errioxa nabarmentzen dira emakumeetan, eta hiriburua eta Arabako lautada gizonezkoen kasuan.

Edonola ere, heriotza horien atzean dauden arrazoiak ondo aztertu behar direla ohartarazi du Esnaolak: «Eremu txikiak dira askotan, eta zahar etxe bat edo batzuk egoteak hilkortasun datuetan eragin zuzena izan dezake». Dena den, argitu du datuok baliagarri direla hilkortasunaren joera orokorrak aztertzeko. Atlas honek heriotza eragin duten gaixotasunak ikertu ditu eskualdez eskualde, eta tokian tokiko egoera sozioekonomikoarekin alderatu ditu. Ez dira erkaketa horretatik harago joan, ordea. Ez dute sakon aztertu zerk eragin duen eskualde bakoitzean gaixotasun bat edo beste nabarmentzea.

Prebentzio kanpainak

Atlasak aztertutako denbora tarte horretan hildako gizonen %38 heriotza goiztiarra eragiten duten gaixotasun kronikoen ondorioz zendu ziren. Emakumeetan, berriz, heriotzen %35 eragin zuten horrelako eritasunek.

Osasun Saileko Ezagutzaren Kudeaketa eta Ebaluazio Arloko zuzendari Jose Asuaren hitzetan, Jaurlaritzari oso baliagarriak izango zaizkio datu hauek: «Gaixotasun kronikoek gehien eragiten duten eskualdeak zein diren jakin ahal izango dugu honi esker. Horrela, prebentzioa non eta nola egin behar dugun erabakitzen eta gaixotasun hauen ugalketa gutxitzen lagunduko digu».



Datuak

%4,2

Biriketako minbizia. Emakumeen artean, oro har, hilkortasunak behera egin du gaixotasun guztietan. Biriketako minbiziak, ostera, gorakada nabarmena izan du: %4,2 igo dira kasuak urtero. Bilboaldea eta Uribe-Butroe eskualdeek izan dute hazkunde handiena. Gizonezkoen kasuak %0,4 jaitsi dira.



%4

Dementziak eta alzheimerra. Bi sexuetan gora egin dute dementziek eta alzheimerrak eragindako heriotzek. Batez ere emakumeen artean nabaritu da gorakada: batez beste %4 urtero. Gizonezkoetan igoera apalagoa izan da: %2,7 urtero.



146.495

Heriotzak, orotara. 1996an datuak jasotzen hasi zirenetik 2003ra bitartean 146.495 herritar hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 77.949 gizonak izan dira, eta 68.546 emakumeak. Hilkortasunak behera egin du bisexuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.