Ingurumen Fiskaltza 'Motxo' ontziaren istripua ikertzen hasi da

Natur taldeek argibideak eskatu dituzte, eta erreskatean izandako «koordinazio eta baliabide falta» salatu dute

ainara arratibel gascon
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Motxo ontziaren istripua zerk eragin zuen argitu nahi du Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak. Hala, Itsas Salbamenduari istripuaren inguruko txostena bidaltzeko eskatu dio; baita gertatutakoaren inguruko ikus-entzunezko irudiak ere. Isuri den erregaiaren laginak jasotzeko ere agindu du. «Gertaera babestutakobiotopo baten inguruan izan dela kontuan hartuta, ezinbestekoa ikusi dugu ikerketa hastea».

Bermeoko (Bizkaia) Motxo ontziak ostegunean jo zuen hondoa Zumaia eta Deba arteko babestutako itsaslabarretan (Gipuzkoa). Eskifaiako bederatzi kideak onik atera zituzten, baina ontzia hondotik ateratzeko ahaleginek huts egin zuten. Larunbatean ziren azken ahalegina egitekoak Itsas Salbamenduko kideak, baina azkenean ez egitea erabaki zuten. Ontzia iraulita geratu zen ababorraren kontra. Brankako olio tankeetan zeuden 12 tona erregaia, aldiz, itsasora isuri zen. Itsas Salbamenduko Kideekerregaia «hidrokarburo arina» zela adierazi zuten, eta ez zegoela «kutsadura aztarna argirik» uretan. Baina lekukoek salatu zuten erregai usaina nabaria zela, eta paisaia zikin zegoela. Itsas Salbamenduko kideek atzo amaitu zuten falta zen erregaia ontzitik ateratzen. «Azken bi egunetan 560 litro erregai atera dugu», jakinarazi zuten. Orain, armadoreari dagokio ontzia handik ateratzeko plana zehazatea.

Fiskaltzak bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere dosierra zabaldu du gertatutakoa argitu, eta «dagokionari» ardurak eskatzeko. «Garbi dago ardurak eskatu behar direla. Dena den, ez dugu nahi gaia burokrazia kontuetan katramilatzea. Iritsiko da horretarako garaia. Ontzia haitzetatik kentzeak izan behar du lehentasuna, eragiten ari den kaltea handiagoa ez izateko. Ea aste honetan bertan denen artean gai garen horretarako plana zehazteko, eta ekintzetara pasatzeko», adierazi dio BERRIAri Asier Arresek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi etaNatur Inguruneko zuzendariak. Askok aipatu dute zatitu egin beharko dutela, baina Arrese ez da ausartu zer egingo den esatera. «Ez dakit ezta ere zenbat denbora beharko den itsasontzia bertatik kentzeko».

Ez daki itsasontzia babestutako gune batean arrantzan ari zen edo ez. «Hala bada Jaurlaritzak baditu bere legediak. Lortu behar dena da debekatuta dauden arrantza jarduerak saihestea. Aldundiaren aldetik hala ere, ez dugu horretarako baliabiderik». Arreseren irudiko, halako istripuek agerian uzten dute ezinbestekoa dela erakundeen arteko elkarlanak. «Eskifaia erreskatatzeko plana bikain atera zen, eta zoritxarrez, erreskate lanak ez dira ondo atera. Baina ahalegin guztiak egin dira, eta beti egongo dira istripuak itsasoan. Orain egin behar dena da, ondo aztertu gertatutakoa, eta ikusi zerbait aldatu behar den».

Natur taldeen salaketak

Zumaiako Natur Taldearen arabera armadorearena da gertatutakoaren «erantzukizun osoa»: «Kroskoa hortik kentzeko lanak eta istripuak ingurumenean eragin dituen kalteak beregain hartu beharko lituzke. Gainera, isun administratibo bat izanez gero,dirua biotopoaren mantenurako izan beharko luke».

Erreskatean administrazioen aldetik izandako «koordinazio eta baliabide falta» ere salatu du. «Gero eta argiago ikusten da hori. Ez dago inolako plangintzarik halako egoeratarako», dio Gontxalo Torre elkarteko kideak. Administrazioaren lehentasuna ontzia osorik ateratzea izan dela iritzi dio Zumaiako Natur Taldeak eta, ez,erregaia ateratzea. «Aseguru etxeen irizpideek interes publikoak baino pisu handiago izan dute».

Baliabide falta horren erakusle jarri dute herenegun gertatutakoa. «Erregaia ateratzen aritu ziren bidoietan, eta oinez igo zituzten goraino». Uste dute, gainera, erreskatea ez zela behar bezala egin. «Ez genuen iragarritako dispositiboa han ikusi. Ontzia ateratzeko tiratzen hasi zirenean, adibidez, isuria gelditzeko hesiak zituen erreskate ontzia Zumaian zegoen, eta B plan bat falta zen».

Gertatutakoaren inguruan azalpenak eskatu dituzte: «Ahalik eta azkarren argitu behar da ontzia non zegoen eta zertan ari zen. Zabaldu den bertsioak hutsune asko ditu». Salatu dutenez ohikoa da inguruan ontziak arrantzan ibiltzea. Horren karietara, gogorarazi dute biotopoaren araudia idazterakoan arrantzaren kudeaketaren inguruan plan bat egitea ukatu zietela. «Gertatutakoak guztiz beharrezkoa dela erakusten du». Hala, bat egin dute Ondarroako Agiriarekin. «Kostaldearen eta hamabi milia arteko esparruan artisau eran egiten den arrantza onartu beharko litzateke bakarrik, baxurakoa arautu eta arrastrea zeharo baztertu» .

Gaurko iragarrita dagoen enbatak, halaber,egoera are gehiago korapilatuko duela uste dute. «Ontzian erregaia geratuz gero,isuri egingo da. Gainera, itsasoaren indarraren arabera, nork daki zer gertatuko den. Garbi dagoena da haitzetan kalteak eragin dituela. Hurrengo egunetan ikusi beharko da, baita ere, erregaiak inguruko faunan eta floran duen eragina».

Eguzki talde ekologistaren arabera, berriz, «neurri egokiak»hartu izan balira, itsasoan izandako erregai isurketa saihestuko zen. Halaber, salatu du, nahiz eta babestutako gune bat izan, «asko» direla inguru haietan arrantzan ibiltzen diren ontziak. «Gainera, agintariek beste alde batera begiratzen dute». Hala, neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Ezker Batuak ere argibideak eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Zergatik ez zen lehen orduetan atera ontziak zeraman erregaia? Horrek ontziaren pisua arinduko zuen, eta erreskatea erraztu», iritzi dioArantza Gonzalez batzarkideak. Istripuak haitzetan izango duen eragina, eta ontziaren hondakinekin zer egingo den zehazteko ere eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.