Espainiako ingurumen Ministerioak obra gehiago egiteko eskatu dio Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrari (Burgos, Espainia). Hondakinak isurtzeko baimen berrian gogortu egin ditu Garoñak irekita jarraizeko baldintzak. Besteak beste, Ebro ibaia babesteko beharrezko ikusten du hozteko dorre bat eraikitzea. Gainontzean, zentralak potentzia jaitsi beharko luke. Ministerioak kontuan hartu du Greenpeacek zentralaren ondoan dagoen urtegiaren berotze mailari buruz egindako txostena.
Pozik hartu du erabakia Greenpeacek. Raquel Montonek nabarmendu du Nuclenorrek "aldapa luze eta gogor bat" igo beharko duela zentrala irekita mantentzeko. "Denborak aurrera egin ahala, gainera, gero eta zailagoa egingo zaio. Izan ere, egin behar dituen inbertsioak gero eta handiagoak dira, eta zentralaren bidez lortzen dituen diru iturriak gero eta txikiagoak dira". Montonek gogorarazi du duela bi urte salatu zutela egoera, baina artxibatu egin zuela euren eskaria. "Denborak arrazoia eman digu".