Eusko Jaurlaritzak Aralarko Natur Parkeko Baliabideak Antolatzeko Planean egin dituen aldaketak ez direla «txarrak bere horretan» uste du Ataungo (Gipuzkoa) Udalak. Izan ere, horrek Aralarko zona jakin bat «astialdirako uztea besterik ez du esan nahi». Ataungo alkate Bittor Orozen esanetan, informazio falta dago eta horrek ezinegona sortu du. Baina, «oraindik ez dago proiektu zehatzik eta egongo balitz ere, herriaren iritzia kontuan edukiko litzateke».
Aralar Natur Parkean, Ataungo lur egiten diren Marumendi, Erremedio eta Imatzeta guneak erabilpen turistikorako uztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak uztailaren 13an. Ataungo Udalarentzat erabakia ez da «txarra», «edozein lege alda baitaiteke inguruko biztanleen onura ekartzekotan». «Arduraz eta zentzuz eginez gero, posible da herri txikiek dituzten beharrak eta naturak behar duen babesa uztartzea», gaineratu du. Hiru proiektu aurreikusten dira Aralarren: Marumendin bordak egitea, Erremedioko bainuetxea eraberritzea eta Imatzetan ur minerala botilan sartzeko planta eraikitzea. Dena dela, Ataungo alkatearen ustez, zer esanik handiena Marumendiko bordek eman dute. «Hemendik urte batzuetara, turismoa herriarentzat sarrera ekonomiko posible bat izan liteke. Horregatik, lo lekuak egokitzen joan nahi dugu eta horretarako aukera bat Marumendin bordak egitea da». Era guztietara ere, Orozen esanetan, asmoa ez da proiektu «erraldoi» bat egitea, nahiz eta mota horretako «mitoak» egon: «Bordez gain, igerilekua, frontoia eta beste azpiegitura erraldoi batzuk egingo direla uste da eta bihar bertan hasiko direla obrak; baina hori ez da egia, oraindik ez baitago proiektu zehatzik». Orozek dio, bestalde, Marumendiko borden ekimenak herriaren nahiaren kontrakoa dirudiela, «baina hori ez dela horrela». Izan ere, «1997an proiektua herritarren artean ezagutzera eman ondoren, inkesta bat egin zen eta herritarren %55,6k iritzi ona edo oso ona azaldu zuten». Ataungo alkatearen esanetan, inoiz proiekturik aurkeztuko balitz, Udalak aztertu egingo luke eta ez luke onartuko herritarren iritziaren aurka ezer egiterik: «Erabaki guztiak ahal den adostasun handienarekin hartuko ditugu horrelako kasuren batean».
Proiektuaren bilakaera
1997an aurkeztu zen lehen proiektua Lareo urtegiaren inguruan bordak egiteko. Parkearen antolamendua aldatzeko tramitazioa hasi zenetik, proiektu hark aldaketa asko izan ditu. Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen mugak kontuan hartuta, onartu dena ondorengoa da: «10 hektareako azaleran egurrezko 25 borda eraikitzeko aukera izatea, Lareotik kilometro batera». Baldintza horiekin Udalak «garbi» utzi nahi du, Marumendin ez dagoela edozer gauza egiteko aukerarik. «Gainera, egunen batean proiektu zehatz bat aurkeztuko balitz, baimena eman aurretik plan berezi bat, ingurune-inpaktu azterketa eta Parkeko zuzendaritzaren baimena beharko lirateke».
INGURUMENA. Aralar Parkeko arauak aldatzea ez da «txarra», Ataungo Udalarentzat
Aralarko gune turistikoarekin «garapena eta natura» uztartu behar direla dio Bittor Oroz alkateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu