Orain arte egindako ibilbidea ontzat eman du Zelaiak. Herritarrek fundazioaren lana eskertzen eta aintzat hartzen dutela uste du. Horri esker, arlo juridikoan ez ezik, esparru teknikoan ere bilakatu dira aholkulari. «Zegoen hutsunea bete nahi izan dugu. Karrikan egin behar da lana, baina epaitegietan ere bai, eta esparru horretan aholku eta laguntza eman nahi izan diegu hainbat proiekturen aurka aritzen diren taldeei».
Zelaiak gogora ekarri ditu Itoizko Koordinakundeko abokatuek Itoizko urtegiaren aurka egin zuten lana eta bidea, eta nabarmendu du eredutzat har daitezkeela. «Indar guztiak bide bakar batean jartzea baino hobe da guztiak jorratzea, lehentasunak ezarriz».
Orain arteko lanak ingurumenaren esparruan aritzen diren hainbat talderekin eta elkarterekin elkarlanean aritzeko aukera eman die Sustrai Erakuntza fundazioko kideei. «Azken finean, herritarren borrokak piztu dituzten proiektuen artean ere bada harremana». Adibidea jarri du Zelaiak: «Abiadura handiko trenak energia behar du, eta energia hori sortzea da Castejongo zentral termikoen lana; energia hori garraiatzeko, berriz, goi tentsioko lineak egin nahi dituzte».
AHTa, goi tentsioko lineak, zentral termikoak. Bada Sustrai Erakuntzak esku artean duen bertze auzirik: Orkoiengo biomasa errausteko proiektua, Pirinio inguruan egin nahi dituzten meategiak, Olatzagutian Portlanden fabrikan hondakinak errausteko proiektua... Ingurumenari eragiten dioten proiektuek administrazioaren jokatzeko modu bat islatzen dutela erran du Zelaiak, baina egungo krisiak horretan ere eraginik izan duela erantsi du: «Agintariak konturatu dira baliabide ekonomikoak ez direla amaigabeak, baina bitartean, hamaika proiektu sortu dituzte, inolako mugarik gabe; diru faltak, ziurrenik, hainbat proiektu geldiarazi edo mantsotuko ditu orain; hala ere, agintariok oraindik ere uste dute lurraldea haien esku dagoela, nahi dutena egiteko».
Uste horrek sortu ditu egungo mehatxuak, Zelaiaren arabera. «Proiektu jakin baten aurka egitea bainoago, eredu baten kontra lan egitea da kontua, beraz». Eredu horrek hainbat aurpegi ditu, Sustrai Erakuntzaren ustez.
Abiadura handiko trena
Informazioa eta txostenakProiektuei buruzko informazioa lortzeko eskubidea dute herritarrek, baina eskubide hori gauzatzea zaila izaten da, kasu gehienetan. AHTa da horren adibide, Zelaiaren hitzetan. Auzitara jo du Sustraik egitasmoaz Nafarroako Gobernuak 2008. urtean egin zuen txostena eskuratzeko.
Trenaren onurei buruzkoa zen txosten hori. Gobernuak eskatu zuen. Eskuratu nahi izan zuen Sustraik, baina gobernuak ukatu zion. 2010ean, Anai Astiz Sustapen kontseilari ohiak aurkeztu zuen Parlamentuan. Astizek berak onartu zuen zaharkituta zegoela. Gobernuak 150.000 euro ordaindu zituen egiteko. Fundazioak ere egin du txosten propioa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat kiderekin batera: zalantzan jartzen du AHTaren bideragarritasuna.
Epaileen aurrera eraman du proiektua, halaber, Castejon eta Iruñerria arteko eta Iruñerriko zatietako obrek ingurumenean eraginen luketen kalteari buruzko txostenak ez berritzeagatik. Zati horietakoak 2004an onartu zituzten, eta 2009an obrak hasi gabe ziren. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren esku dago gaia.
Etxabakoitzeko geltokia
Aldatu, erakutsi gabeIruñeko Etxabakoitz auzoan dago AHTaren geltoki berria egiteko proiektua. 8.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. Proiektu hori udalez gaindiko sektore plantzat jo du Nafarroako Gobernuak, eta erabaki horren kontra egin dute epaitegietan. Ingurumenarekin lotutako arrazoiak badira, bai eta formarekin lotura dutenak ere. Izan ere, proiektua jendaurrean erakusteko epea amaitu eta gero, nabarmen aldatu da. Aldaketa horiek ez dituzte jendaurrean erakutsi, eta ezin dira alegazioak aurkeztu.
Horretaz gain, proiektuak bertze hainbat zalantza eta kezka pizten ditu Sustrai Erakuntzako kideen artean: «Ur horniketaz zalantza anitz dago; ura garbitzeko prozesua ere ez dago bermatua, Arazuriko plantak ez baitu gehiago hartzeko gaitasunik. Kutsatutako lurren arazoa ere mahai gainean dago. Inquinasa enpresaren lurrak hartzen ditu proiektuak», azaldu du Zelaiak. Gai horiek guztiak auzitara eraman ditu fundazioak.
Hondakinen plana
Olatzagutiko asmoaren aurkaNafarroako Justizia Auzitegi Nagusira jo du Sustraik Nafarroako hondakinak kudeatzeko planaren aurka, 3R Konpainiarekin batera. Kudeaketa plan horren arabera, hondakinak errausteko planta egitea zen hasierako asmoa. Azpiegitura horrek hartu behar zuen planaren aurrekontu gehiena. Sustraik argi du hondakinen kudeaketan lehentasunak badirela, eta haien artean dagoela hondakinik ez sortzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Beraz, lehentasun horien arabera banatu beharko litzateke plan osoaren aurrekontua.
Errauste planta egiteko asmoa bertan behera utzi eta gero, Olatzagutiko Portlanden fabrikan hondakinak erretzeko egitasmoari oniritzia eman dio Nafarroako Gobernuak. Sustrai Erakuntzako kideek argi dute aldaketa horren aurrean kudeaketa plan berria egin beharko litzatekeela, berriz ere jendaurrean erakutsi, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gobernuak, ordea, ez du horrelakorik egin. Fundazioak gogora ekarri du fabrika herritik hurbil dela.
Orkoien eta biomasa
Errauste plantari ezetz«Ez gara biomasaren aurka». Horixe argi eta garbi utzi du Martin Zelaiak. «Tamaina txikiko proiektuak eraginkorrak izan daitezke, baina ez da hori Orkoiengo kasua. Enpresa handiek bultzatutako proiektua da. Bertako baso baliabideak baliatuko dituztela diote bultzatzaileek, baina Orkoienek halakorik ez du». Sustraik salatu du proiektu horren asmo bakarra sarera bideratzeko elektrizitatea sortzea baino ez dela.
Proiektuaren arabera, hain zuzen ere, Orkoien eta Ezkabarte artean tentsio linea eraikiko dute, biomasa errauste plantan sortutako elektrizitatea garraiatzeko. Bertako herritarrek ere plataforma sortu dute egitasmo horren kontra. Ez da bakarra: meategien aurka, goi tentsioko linearen kontra edo AHTaren inguruan sortutako taldeen lana nabarmendu du Zelaiak. Lanean jarraitu beharra dagoela erantsi du: karrikan eta bulegoetan; mobilizazioaren bidez, eta auziak epaitegietan salatuz. Horretan jarraituko du Sustrai Erakuntzak.