Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Iniziatiba Internazionalistak biharko kontaketaren arabera erabakiko du helegitea sartu edo ez

Ezker abertzaleak babestutako hautagaitzaren ustez, igandean bere milaka boto zenbatu gabe geratu ziren.

2009ko ekainaren 9a
10:18
Entzun
Espainiako Estatuko lurralde hauteskunde batzorde denetan, ohiko prozedura jarraituz, Europako Legebiltzarrerako igandeko bozetako boto denak berriro kontatuko dituzte bihar, 08:00etatik aurrera, eta Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna hautagaitzak kontaketa horren arabera erabakiko du helegitea sartu edo ez. Haren ustez, igandean bere milaka boto kontatu gabe geratu ziren.

Iniziatiba Internazionalistak bere webgunean dioenez, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak bere aurkako "kriminalizazio kanpaina basatia" burutu du, eta, horretaz gain, "hauteskunde putxerazoa sustatu du". Hala, herritarrei laguntza eskatu die biharko kontaketara begira.

BERRIA.INFOk atzoko edizio jarraituan zioen bezala, ezker abertzaleak babestutako hautagaitza haren boto batzuk ez zituztelako kontatu, besteak baliogabe edo txuri jo zituztelako, edota beste talde batzuen (DN, PACMA, MSRA, UCE, UNA, POSI...) zakura bota zituztelako, Zumarragan Iniziatiba Internazionalistak 219 boto gehiago jaso zituela esan dute, Amezketan 113 (haren boto denak -herrian gehiengoa- POSIri eman dizkiotela salatu dute), Tolosan 72, Zallan, 30, Sopelan 97, Soraluzen 73, Bermeon 48, Arrigorriagan 32, Abadiñon 64, Villabonan 78, Mendaron 54, Usurbilen 10, Eibarren 68, Elgoibarren 60, Errenterian 100, Mungian 30. Horiek zenbatuta, 1.148 boto lirateke. Gehiago ere baleudeke.

Euskal Herritik kanpo ere egon dira salaketak: Gandian 100 boto gehiago jaso zituela Iniziatiba Internazionalistak, Gaztela-Leonen 2.365 boto kontatu gabe geratu zirela, Madrilen beste 7.374 liratekeela, Castellon 100, Alhaurin de la Torren 600. Horiek dira Espainiako Estatuko jendaurreko salaketak. Zenbatuta, 10.539 boto gehiago lirateke (aurreko haiek gehituta, 11.687). Hautagaitzaren boto paperak ere falta zirela jakinarazi dute Vigotik, Coruñatik...

Halaber, Europako 2004ko hauteskundeetatik boto baliogabeek 57.000ko eta txurizkoek 125.000ko hazkunde "susmagarria" izan dutela dio hautagaitzak.

Iniziatiba Internazionalistak, datu ofizialen arabera, Euskal Herrian 138.313 boto lortu zituen igandean, eta beste 37.582 Espainiako Estatuan. 175.895 boto denera. Ez du europarlamentariorik erdietsi.

Kataluniako kasu bat

Europako Legebiltzarreko bozetako emaitzen kontaketa Euskal Herrian ez ezik Katalunian ere ez dela ongi egin dirudi. Cardedeuko herriko Udalaren (Bartzelona) kontaketaren arabera, Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna zerrendak 98 boto jaso ditu herri horretan. Cardedeuko Udalak bozetako emaitzak Internet bidez eman ditu. Guztira hemeretzi mahai agertzen dira informazio horretan, eta horien batuketak 98 ematen du.

Espainiako Barne Ministerioaren datu ofizialetan, berriz, hamar boto gutxiago ditu Iniziatiba Internazionalistak, 88 boto.

Espainiako Estatuko lurralde hauteskunde batzorde denetan, ohiko prozedura jarraituz, Europako Legebiltzarrerako igandeko bozetako boto denak berriro kontatuko dituzte bihar, 8:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.