Inkesta. Bizkaian, kritiketan, adostasuna

Batzar Nagusietako legegintzaldia erdira iritsi denean, taldeen bozeramaileek balantzea egin dute. Oposizioak bat egin du foru aldundiak ez duela ezertan asmatu.

Ibai Maruri Bilbao / Bizkaiko Hitza
2013ko maiatzaren 31
11:28
Entzun

Duela bi urte hasi zen Bizkaiko Batzar Nagusi modernoen IX. legegintzaldia. Gehiengo zabala lortuta, EAJk bakarrik osatu zuen foru gobernua. Baina aurrekontuak onartzeko zailtasunak izan ditu, eta bi urteotan PPrekin adostu behar izan ditu. Balantzea egitean, ñabardurekin bada ere, oposizioak berba berbera erabili du: "Inprobisazioa". Jeltzaleak gustura daude egindako beharrarekin. Hauek dira Bizkaiko Hitza-k egin dituen galderak eta jasotako erantzunak:

Galderak

1. Zertan asmatu du eta zertan huts egin du foru aldundiak epe honetan?
2. Bi urteotan, PPrekin adostuta onartu dira aurrekontuak. Aproposenak izan dira?
3. Bizkaitarrek ordaintzen dituzten zergak zuzenak dira? Nola hazi diru sarrerak?
4. Nahiz eta foru aldundiaren lehentasuna enplegua izan, langabezia hazten ari da.
5. Bi eurotik bat gizarte politiketan inbertitzen duela dio foru aldundiak. Hala da?
6. Azpiegiturek zeresana eman dute: hegoaldeko saihesbidea eta San Mames, metroaren hirugarren linea...


Lorea Bilbao (EAJren bozeramailea)
"Aurrekontuetan lortu ditugun akordioak onak dira, baita kanpo geratu direnentzat ere"

1. Balantze ona egiteko moduan gaude. Hauteskundeetara aurkeztu ginenean argi adierazi genuen zein ziren gure helburuak eta horiek betetzeko lan ildoak. Gobernu programa zehatz betetzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Ekinbide arrakastatsuen zerrenda egiten hasi baino nahiago dut foru aldundiak EAJren eredua definitzen duten hiru lehentasunekaz agertutako konpromisoa azpimarratu: pertsonen ongizatea beste edozeren gainetik jartzea, zerbitzu publikoei eustea eta inbertsioa mantentzea aberastasun, ekonomia eta enplegu sortzaile den neurrian.

2. Hasteko, hiru kontu. Batetik, ezinezkoa da akordiorik egitea nahi ez duenagaz. Bigarrenik, EAJk bi urteotan aurrekontuak izateko planteamendu serioa eta zehatza egin du. Eta, hirugarrenik, aurrekontuen arloko akordioak beharrezkotzat jotzen ditugu, bereziki halako une zailetan. Bi urteotan lortu ditugun akordioak onak dira, baita adostasunetik kanpo geratzea erabaki duten horientzat ere. Aurrekontuak segurtasuna eta bermea eskaintzen digu bizkaitar guztioi; mesedegarri izango dugu eskaintzen dizkigun aukerengatik, direla eguneko zentroak, pertsona ekintzaileentzako laguntza programak, museoak, errepideak, garraio publikoa… Gure apustua argia da: gizarte zerbitzuak, inbertsioa eta enplegua suspertzea.

3. Denbora luzea daramagu zerga sistemaz hau eta bestea entzuten, gehien daukanak gehiago ordaindu beharraz, sistema progresiboago eta bidezkoagoa lortzeaz, baina oso alternatiba gutxi mahairatu dira. EAJk urteak daramatza zerga sistemaren eraldaketak bultzatu eta bideratzen: ondare zerga berrezarri dugu, zerga iruzurraren kontrako neurriak ere onartu ditugu, eta guk eskaini diegu gainontzeko alderdiei PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren egokitzapena.

4. Enplegua sortzea lehentasun estrategikoa da. Jakina da ez dagoela suspertze ekonomikorik enplegurik sortu barik, baina jakina da, baita ere, enplegua sortzea ez dagoela dekretu edo arauen esku. Enpresek eta pertsona ekintzaileek sortzen dute enplegua, eta erakundeak ondoan behar dituzte. Erakundeen zeregina da beharrezko dugun enpresa sare hori garatu eta sendotzeko baldintza ekonomikoak erraztea, helburua enplegua izanik. 

5. Foru aldundiaren gizarte zerbitzuen aldeko konpromisoa benetan argia da, ikusi nahi ez duenarentzat izan ezik. Oposizioko taldeei benetan gaitza egin zaie aurrekontuen aurkako jarrera justifikatzea, Jose Luis Bilbaoren taldearen eta EAJren gizarte zerbitzuak mantentzearen aldeko apustua hain argia izan denean. Zifrak hor daude, begiratu eta ondorioak ateratzea baino ez dago. Bizkaitarren ongizatea lehenesten dela, behintzat, ez dago zalantzan jartzerik.

6. Edozein aldaketak egokitzapen arazoak ekartzen ditu, eta, alde horretatik, normala da San Mameseko sarrerek lehenengo egunotan funtzionamendu arazorik sortzea. Gidari moduan ditugun ohiturak aldatu behar ditugu; hori kostatu egiten da. Dena dela, foru aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza eta planifikazio bateratua mesedegarri gertatzen ari da, eta hala gertatuko da. Are gehiago, zubibidea botako denean.

Egia da, bestalde, hegoaldeko saihesbidean espero baino erabiltzaile gutxiago dabilela. Krisi garaia errepideetan ere igartzen da, bai, baina gogoratu behar da azpiegitura hori erabiltzaileek eurek eskatutakoa dela, garraio arloko profesionalek eskatutakoa. Ibilgailu astunak Bilboko biztanle ugariko ingurutik ateratzea lortu da. Eta zirkulazio gorakada helduko denerako ere hor egongo da.
Metroaren 3. linea guretzat lehentasunezkoa da. Gure helburua herritarrok kalitatezko garraio publikoaren eskaintza izatea da, eta zerbitzu horren eskaintza bermatzeko foru aldundiaren lana ukaezina da. Ziur gaude 3. lineari ere behar duen behin betiko bultzada emango diola.

Irune Soto (EH Bilduren bozeramailea)
"Betiko errezetak aplikatzen dituzte, baina oraingoan, gainera, murrizketekin"

1. Zaila da EAJk Bizkaian darabilen ereduaren inguruko balorazio positiboa egitea. Hutsune nabarmen gehiegi ditu: bazterketa soziala bultzatu dute, gizarte ekintzan murrizketak egiten dituzte, langabeziaren kontrako neurri eraginkorrik ez dute, eskualdeak abandonaturik dituzte, herritarren partaidetzan ez dute sinesten, beharrezkoak ez ziren azpiegitura erraldoiekin hamarkadetarako zorpetu gaituzte, kultur eredu elitista bultzatzen dute, udalen laguntza eskariei entzungor egiten diete, inork ulertzen ez dituen milioietako diru laguntzak eskaintzen dituzte eta aberastasuna ez da banatzen.

2. EAJren eredua Espainiako eskumak bakarrik babes dezake. Horregatik, ezin genion aurrekontu proiektuari baietz esan. Sarrerei dagokienez, oraindik ez dute zerga sisteman sakoneko aldaketarik egin nahi, sistema benetan progresiboa izateko, eta zerga iruzurra ez dute behar beste jarraitzen eta zigortzen. Gastuei dagokienez, hogei urterako zorpetu gaituzte. Aurten, kreditu eta interesetan 200 milioi ordainduko dugu, eta babes sozialetan eta udalen diru iturri nagusietan, berriz, murrizketak egiten dira.

3. Gehien dutenek gehiago ordaintzea izan behar da zerga sistema bidezko, progresibo eta solidario baten oinarria, eta Bizkaian ez da hori gertatzen: gehien dutenek ez dute behar beste ordaintzen. Kapitalak ordaintzen duen euro bakoitzeko, langileok 11,5 euro ordaintzen dugu.

4. Ez dute enplegua sustatzeko plan eraginkorrik. Hona datu batzuk: BECi urtero ematen zaiona ia Enplegu Sustapenerako programa osoan gastatzen den bestekoa da (14 milioi), eta Bizkaiko Campus Teknologikoan inbertitu duen bestekoa (13,5 milioi). Ez dute enplegurik sortzen, enpresa berriak ez dira suspertzen eta gazte eta autonomoen enplegua ez dute bultzatzen. Betiko errezetak aplikatzen dituzte, baina oraingoan, gainera, murrizketekin. Eskualdeen plangintza sozioekonomiko integralak abiatzeko garaia da, eta aurrekontuaren %0,007 baino ez  da bideratuko horretara.

5. Ez da egia gizarte ekintzari aurrekontuaren ia erdia eskaintzen zaionik, osotara, sailek kudeatzen duten aurrekontuaren %38,7 eskaintzen baitzaio, erantzun beharreko inoiz baino premia sozial gehiago egonik ere. EAJren politika sozialek ez dute lehentasun milaka bizkaitarrek pairatzen duten egoera gordinari erantzutea. Milaka bizkaitar babesik gabe uztea onartu ezin den erabaki politiko injustu eta arduragabea da, eta hori da gertatzen dena.

6.  Metroaren 3. lineak hasiera batean aurreikusten den kostuaren gainean %80ko igoera izatea onartezina da. Supersurren erabilera emaitzak, kalte ekonomikoak, 1.000 milioi euroko zorra… herrialdea hamarkadatarako zorpetuta utzi digute. Eta San Mameseko sarbideei begira ere inprobisazioa eta kudeaketa txarra egon dela nabarmena da. Eta hori guztia, Bizkaibuseko hainbat lineatan eta unibertsitaterako zerbitzuan murrizketak egiten ari diren arren eta oraindik Bizkaian garraio txartel bakarrik ez dugun arren. Txartel bakarra izango bagenu, ibilbide jakin baterako prezio bakarra izango genuke, garraiobide ezberdinak erabili arren.

Iñaki Egaña (PSE-EEren bozeramailea)
"EAJk bere asmoetan atzera egitea erabaki duenean baino ez du asmatu"

1. Legegintzaldiaren lehen erdiak gutxiegi bat merezi du. Foru gobernuak ez du jakin Bizkaiak dituen arazo larriei nola aurre egin; hala, une batzuetan ez du ezer egin, eta besteetan inprobisatu egin du. Eta ez ahaztu Jose Luis Bilbaok protagonismo politikoa hartu zuela aurreko lehendakariari erasotzeko zereginetan, bere lehentasun nagusia Bizkaiko gizartea izan ordez. EAJk bere asmoetan atzera egin duenean asmatu du: zergen auzian eta metroaren 3. linean adibidez.

2. Bizkaiak aurrekontu zabaltzailea behar zuen, ekonomia suspertzen laguntzekoa, inbertsio maila handiagoarekin. EAJk eta PPk onartutako aurrekontuak ez du langabeziaren aurkako borroka bermatzen.

3. Diru sarrerak iruzurraren aurkako borroka on batekin handitu daitezke. Hainbat azterlanek diote Euskadin urtean 2.500 milioi euroko iruzurra egiten dela. Egin kontu Bizkaiko aurrekontua 1.600 milioi eurokoa dela.
Zerga presioa Europako batez bestekoa baino txikiagoa da. Irabazien arabera ordaindu beharko litzateke; izan ere, ezin daiteke onartu zergak beti soldatapeko langileen gain uztea. Kapitalaren errentek ere lanarenak beste ordaindu behar dutela uste dugu.

4. Aurrekontuak berak enplegua sortzeko asmo horren aurka egiten du. Adibidez, urtez urte Ekonomia Sustapenerako Sailaren diru sorta gutxitzen joan da. Beste adibide bat: iaz, sail horrek enpresa ertain eta txikiei eta autonomoei laguntzeko aurreikusitako 14 milioi euroetatik 2 erabili gabe bukatu zuen urtea.

5. Ontzat jotzen dugu Gizarte Ekintza Sailaren diru sorta. Ahalegin berezia egiten da. Hala ere, zalantza egiten dugu egiaz diru hori iragarritakoan erabiltzen den. Esandako lekura iritsi behar da; bereziki, zailtasun egoeran.

6. Metroaren 3. lineak, Ermuko saihesbideak eta egin gabe utzi diren beste hainbat errepide ardatzek lehentasunezko kontu izan behar dute. Horien eraikuntzak enplegua eta aberastasuna sortzen dute, eta, era berean, bizkaitarren ongizatea hobetzen dute.
Hegoaldeko saihesbideari dagokionez, foru aldundiak inprobisazioz jokatu du. Beste horrenbeste San Mameseko sarbide berrian ere. Herritarrak zoriondu behar ditugu, gobernuak baino  zentzuzkoago jokatu dutelako.

Esther Martinez (PPren bozeramailea)
"Foru aldundiak legegintzaldi honetan zerga politikarik izan duela esatea gehiegi da"

1. Ezer ez dute egin, eta, egin dutenean, bulkadek eraginda jardun dute. Bereziki gizarte politiketan eta enplegua sortzeko laguntzetan nabaritu da. Obra publikoen arloan ere antzeko kaosa ikusi dugu. Bi urte hauetan bete ez dituzten promesak justifikatzeko aitzakiak entzun ditugu. Edukirik gabeko lerro buru asko irakurri ditugu, eta bete gabeko konpromiso asko entzun.

2. Ez da PPk aurkeztuko lukeen aurrekontua. Hala ere, jakinik ezinbestekoa dela aurrekontu berria izatea, EAJren proiektua hobetzen ahalegindu gara, aurrekontu sozialagoak lortzeko. Adibidez, lehen mailako menpekotasuna dutenentzako laguntzak mantendu dira. Etxegabetu dituzten familiek etxebizitza foru planean hutsik geratu diren etxeak eskuratzeko aukera izango dute. Adinekoei laguntza psikologikoa bermatu zaie, eta Nagusitxartela-ri esker beherapenak egingo dizkiete zerbitzu pribatu eta publikoetan. Adinekoak etxean zaintzen dituzten milaka herritarrek, bereziki andreek, ezinbesteko dituzten atseden programak hobetzen ere ahalegindu gara.

3. Foru aldundiak legegintzaldi honetan zerga politikarik izan duela esatea gehiegizkoa iruditzen zait. Hainbat kontu iragarri dituzte, baina oraingoz ez dago proposamenik idatzita. Zerga iruzurraren aurkako ahaleginak handitu behar direla diogu guk. Era berean, ekintzaileei laguntzeko aldaketak egin behar dira, enplegua lortzeko aukerak izateko.

4. Foru aldundiak enplegua sortzeko formulak bilatu behar ditu. Horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak sortuko dituztenak laguntzea. Autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek Bizkaiko bost lanpostutatik lau sortzen dituzte. Ekinbide on bat maileguak lortzen laguntzea da. 2013rako aurrekontu proiektua adostu genuenean, mikromailegu sozial eta finantza arlokoak erraztea jarri genuen baldintza modura.

5. Bizkaitarren beharrizanei begira egon behar dute gizarte zerbitzuek, eta bermatu behar dute laguntzak benetan behar dituztenengana iristen direla, etorkizuna ziurtatuta izan dezaten.

6. Foru aldundiaren azpiegitura politika huts egiteen zerrenda eginda konta dezakegu. Ermuko saihesbidea eskualdeko bizilagunen aspaldiko aldarrikapena da, baina EAJk hauteskundeak gertu daudenean baino ez du izaten gogoan. Duela aste batzuk ahaldun nagusiak iragarri zuen Bizkaiaren defizit muga berriari esker lortuko zenaren zati bat horretara bideratuko dela. Baina badirudi dagoeneko baztertu dutela. Beste horrenbeste gertatzen da metroaren 3. linearekin. Supersurra aldundiaren fiaskorik handiena da. Inbertsio faraonikoa egin zen, eta hutsik jarraitzen du. San Mameseko sarbidean ere inprobisazioa ikusi dugu. Bizkaitarren zuhurtziak saihestu du egunero auto ilara amaigabeak sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.