Inkestak

Inkesta eta zundaketen emaitzak, grafiko interaktibo batean

Urkullu, kanpaina hasieran. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2016ko irailaren 15a
10:50
Entzun

Kanpainak astebete egingo du gauerdian, eta orain arte egindako inkesta eta zundaketa guztiek EAJ jotzen dute garaile. Horien arabera, Iñigo Urkulluk irabaziko lituzke hauteskundeak, baina EAJren eserlekuak ez lirateke nahikoa izango gehiengo osoa eskuratzeko. Beste alderdi baten botoak beharko lituzke, beraz, inbestidura saioan. Bigarren indarra izateko lehian EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ageri dira orain arteko emaitzetan. Parez pare jarri zituen CISen inkestak, baina Soziometroak EH Bildu jarri du aurretik, eta Juan Jose Dominguez Iruñeko politologoak, Elkarrekin Podemos. Horrena da ezagutu den azken aurreikuspena, eta beste guztien artetik gehien bereizten dena: EAJ 23-24, Elkarrekin Podemos 17-18, EH Bildu 14-15, PSE 10-11, PP 7 eta Ciudadanos 1 (grafikoan borobilduta daude emaitzak 75 izan daitezen guztira; EAJk eta EH Bilduk gorantz, eta Elkarrekin Podemos eta PSE beherantz).

Aurretik EITBk eta CISek egin moduan, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak ere EAJ jotzen zuen garaile atzo. Haren arabera, alderdi jeltzaleak egun dituenak baino legebiltzarkide bat gutxiago eskuratuko luke, 26, alegia. EH Bildu litzateke bigarren indarra, 17 legebiltzarkiderekin —egun baino lau gutxiago—, eta oso gertu, hirugarren tokian legoke Elkarrekin Podemos, 15 eserlekurekin.

Lehen hiru alderdietatik nahiko urrun geratuko lirateke sozialistak, bederatzi eserlekurekin —orain baino zazpi gutxiago—, eta zortzirekin Alderdi Popularra —bi gutxiago—. Ordezkaririk gabe geratuko litzateke, berriz, Ciudadanos.

Lurraldeka

Araban EAJ jotzen du garaile Soziometroak, zazpi eserlekurekin, eta berdinduta geratuko lirateke EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos, bosna ordezkarirekin. Botoei dagokienez, ordea, Pili Zabalaren alderdia litzateke bigarren indarra, bozen %21ekin; ondoren legoke EH Bildu, botoen %18,3rekin; eta Alderdi Popularra, hirugarren %17,6rekin.

Bizkaian, EAJ litzateke nagusi, 11 ordezkarirekin, eta Elkarrekin Podemos bigarren, bostekin. EH Bildu hirugarren tokian geratuko litzateke, lau legebiltzarkiderekin. Hiru lortuko lituzke PSE-EEk, eta bi PPk.

Aipagarriena, ordea, Gipuzkoako kasua da. Berdinduta ageri baitira EAJ eta EH Bildu, zortzina ordezkarirekin, eta hirugarren tokian legoke Elkarrekin Podemos, bostekin. Boto asmoari dagokionez ere oso berdinduta jeltzealeak eta ezker abertzalea: botoen %30 eskuratuko lituzke lehenak, eta %29,5 bigarrenak.

Oso antzeko emaitzak

Duela astebete inguru kaleratu zen EITBren inkestaren oso antzeko emaitzak iragarri ditu Soziometroak. Hark, oraingoak bezala, EAJri ematen zion garaipena, baina eserleku bat gehiagorekin, eta EH Bildu jotzen zuen bigarren, 17rekin; Elkarrekin Podemosi, berriz, Soziometroak baino bat gutxiago iragartzen zizkion, 14.

Bestalde, orain arteko galdeketek kolpe gogorra iragartzen diote PSE-EEri, izan ere, zazpi edo zortzi eserleku galduko lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.