Polizia operazioa

Inkomunikatuta eraman ditu Guardia Zibilak gaur goizaldean atxilotutako bi lagunak

Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu atxilotu dituzte goizaldean, Urnietan eta Andoainen, ETAko kide izatea leporatuta. Haien etxeak eta inguruak miatu dituzte. Zortzi ordu iraun du polizia operazioak. ETAren lau atentatutan parte hartzea leporatzen diete. Liskarrak izan dira atxilotuei babesa ematera joan direnen eta Ertzaintzaren artean.

2013ko ekainaren 11
18:02
Entzun

Guardia Zibilak goizeko hamaiketan itxi du gaur goizaldean hasi duen polizia operazioa, eta inkomunikatuta eraman ditu bi atxilotuak. Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu haien etxeak miatu ondoren eraman dituzte. Urnietan, Lizarribarren etxe atarian, hainbat lagun zeuden bilduta eraman dutenean, eta atxilotua askatzeko oihu artean eraman dute.

Ertzaintza ere bertara joana zen Guardia Zibila laguntzera, eta liskarrak izan dira atxilotuari babesa ematera joan direnean eta ertzainen artean.

Lau atentatutan parte hartzea leporatuta

Goizaldeko hiruretan hasi da polizia operazioa. ETAko komando bateko kide izatea leporatzen diete bi atxilotuei, eta Guardia Zibilak dio 2002an lau atentatutan parte hartu zutela: Iruñean Nafarroako Unibertsitatearen kontrakoa, Arguedasen eta Azagran enpresa banaren kontra eta Zaragozan El Corte Ingles saltokiaren kontra. 

Haien etxeak miatu dituzte, eta, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, zenbait kaxa atera dituzte Lizarribarren etxetik. Han izan dira atxilotua bera, haren bikotekidea eta umea, 11:00 arte. Bost patrol eta furgoneta izan dira kanpoaldean. Andoainen ere Gelbentzuren etxea miatu dute guardia zibiliek, eta hainbat patrol izan dira inguruetan.

"Dokumentazio berria"

Biak ere atxilotu izan dituzte aurretik, bat 2003an eta bestea 2004an. Gelbentzu 2003an atxilotu zuten, beste hamabi lagunekin batera, baina horietatik lau soilik espetxeratu zituzten; Gelbentzu aske geratu zen. Lizarribarrek sei urteko espetxe zigorra bete zuen Frantzian, eta orain dela gutxi atera zen espetxetik.

Guardia Zibilak dio Frantzian azkenaldian aurkitu duten dokumentazioan oinarrituta uste dutela 2002ko atentatuetan parte hartu zutela. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan du atxiloketa horiek frogatzen dutela Zuzenbide Estatuak funtzionatzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.