Inkomunikatuta jarraitzen dute azken bi atxilotuek

Espainiako Poliziak Jon Igor Urresti ondarroarra atxilotu du, ETArekin lotura duelakoan

Erredakzioa
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Polizien eskuetan inkomunikatuta jarraitzen dute Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aste honetan agindutako bi polizia operazioetan atxilotutako bi euskal herritarrek: Imanol Gonzalez, herenegun Ertzaintzak atxilotua, eta Jon Igor Urresti, atzo Espainiako Poliziak atxilotua. Gonzalezi leporatzen diote martxoaren 29ko greba orokorrean autobus baten azpialdean etxean egindako lehergailu bat jartzea, eta Urrestiri ETAri laguntzea.

Urresti atzo gauerdian atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Ondarroan (Bizkaia). Atxilotu ondoren, haren etxebizitza miatu zuten, eta, polizia iturriak aipatuz berri agentziek zabaldu dutenez, «dokumentu ugari eta informatika tresnak» eraman zituzten handik. Bost orduz aritu ziren miatzen, gauerditik goizaldeko bostak arte. Berri agentzien arabera, Bilboko polizia etxe batera eraman zuten aurrena, auzi mediku batek ikus zezan, eta, gero, Madrilera eraman zuten. Urresti inkomunikatuta dago oraindik.

Herenegun atxilotutako Imanol Gonzalez ere inkomunikatuta dago. Ertzaintzako iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu dutemartxoaren 29ko greba egunean atzemandako lehergailu batetik lortutako DNA lagin bati esker identifikatu dutela Gonzalez. Orain, Iturri horiek adierazi dute atxilotutakoak beste kale eraso batzuekin ere loturarik duen ikertzen ari direla .

Bi atxilotuek polizien esku zer tratu jasango duten, kezkatuta dago TAT Torturaren Aurkako Taldea, eta neurri hauek berehala ezartzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari: atxilotuak epailearen aurrera berehala eramatea; atxiloaldi osoa kamera bidez grabatzea,eta grabazio horiek defentsaren esku ere uztea; atxilotuek konfiantzazko medikuaren bisita jasotzea, eta bisita pribatua eta konfidentziala izatea; atxilotuek konfiantzazko abokatuaren laguntza jasotzea, eta familiari atxilotuari buruzko informazioa ematea.

Herenegun eginiko agerraldi batean, hainbat gaztek, ezker abertzaleko kide ezagun batzuen babesarekin, jakinarazi zuten gazte mugimenduak hilabeteak daramatzala hausnarketan eta eztabaidan, Euskal Herriko gazteriari «eskaintza politiko bat» egiteko, eta salatu zuten Poliziaren jazarpena etengabea dela,gazte ekimena indargabetzeko asmoz. Gonzalezek ere lan horretan parte hartzen duela jakinarazi zuten, modu agerikoan eta «ezer ezkutatu gabe».

Urrestiren lagunek, berriz, babesa eta elkartasuna adierazi diote atxilotuari, eta nabarmendu dute hari leporatzen diotena «absurdoa, surrealista eta zientzia fikziozko filmik txarrena baino eskasagoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.