Rosa Iriarte, Eneko Compains, Joxe Aldasoro, Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Gorka Mayok epailearen aurrean deklaratu dute euren kontrako akusazio guztiak faltsuak direla eta horien oinarri bakarra "Guardia Zibilaren ziegetan inkomunikaturik eta tortura saio luzeen ondorioz bururutako autoinkulpazio eta inkulpazioak" direla.
Hori amaitzeko, polizia etxean inkomunikazio egoeran eginiko adierazpenei baliorik ez ematea nahi dute, eta instrukzio epaileei eskatu diete inkomunikazio aldiko deklarazioak ez hartzeko aintzat. Epaiketa politikoekin amaitzeko ere eskatu dute.
Deklaratzera joateko eskaera bat jaso zuten zortzi horiek, eta gaur izan dira Auzitegi Nazionalean. Salatu dute euren jarduera politikoa zigortu besterik ez dutela egin nahi, eta Gomez Bermudezi adierazi diote politika egitea ez dela delitu. "Gure herrian ireki den aroa zapuztea helburu dutenek jakin dezatela konponbide demokratikoaren ikurra altxatzen jarraituko dugula", gaineratu dute BERRIAra igorritako ohar batean.