Inkomunikazioa bertan behera uzteko exijitu dio Madrili Amnesty Internationalek

Inkomunikazio aldian torturatzen dela jakinik, «arranguraturik» agertu da AI nazioarteko erakundea

Erredakzioa
Baiona
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Inkomunikazio aldia «berehala» bertan behera uzteko exijitu dio Amnesty International erakundeak Espainiako Estatuari Frantziatik zabaldutako prentsa agiri batean. Ez da lehen aldia mezu hori pasarazten duela. Aldi honetan, Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jasan torturengatik Gipuzkoako auzitegiak lau guardia zibil zigortu izanaz baliatu da bere mezua berresteko. Ikusiz inkomunikazio aldian bi atxilotuak torturatu egin zituztela eta jakinda gaur egun oraindik inkomunikazioak indarrean jarraitzen duela, AI «arranguraturik» agertu da. Horrez gain, erakundeak gaitzesten du guardia zibilaren eskuetan diren denboraldian atxilotuek ezin izatea abokaturik hautatu eta ikusi, ezin izatea hautuzko mediku batekin gelditu eta senideei atxilotua non dagoen ez zehaztea.

Urtarrilaren 10ean idatziriko agiri horretan oroitarazten dute 2002an eta 2009an Nazio Batuen baitako Torturaren Aurkako Batzarrak oroitarazi zuela inkomunikazioak tortura eta tratu txarrak errazten dituela. Ohartarazten du, halaber, iazko maiatzean Nazio Batuen baitako Giza Eskubideen Batzarrak inkomunikazioa bertan behera uzteko egindako gomendioa «atzera bota» zuela Espainiak. Agirian berriro zehazten dute Portuk eta Sarasolak salatu torturak zer-nolakoak ziren eta zer heineko zigorra jaso duten guardia zibilek.

Frantzian, defentsa arriskuan

Eskubideen Defendatzaileadeitu eragilea sortuko lukeen lege proposamenak giza eskubideen errespetuaren eta babesari dagokionez, «atzerapauso handia» dakarrela dio AIk. Frantziako Legebiltzarrean eztabaidaturik dago lege proposamena, eta norberaren eskubide eta askatasunen errespetuari begiratzea izanen da Defendatzailearen betebeharra.

Ikusirik Frantziako presidenteak duela izendatuko, Justiziaren independentzia zalantzan dagoela dio erakundeak. Hori dela eta, administrazioko agintaritza independenteak bermatzeko eskatzen die Frantziako diputatuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.