Inkomunikazioa justifikatu egin beharko dute epaileek

jokin sagarzazu
2015eko ekainaren 2a
14:03
Entzun

Arau zena salbuespen bihurtuko da. Orain arte ez bezala, epaile batek atxilotuei inkomunikazio erregimena ezarri nahi badie neurri hori arrazoitu egin beharko du auto batean. Hala egin beharko du epaileak atxilotuari debekatu egin nahi badio konfiantzazko abokatu bat izendatzea —zeina polizia aurreko deklarazioetan egongo den—, harekin bilera pribatu bat izatea, edota atxilotua hirugarren pertsona batekin —senideekin edo lagunekin, kasu— komunikatzea. Era berean, epaileak zaindu egin beharko ditu inkomunikatuta dagoen atxilotuaren eskubideak, eta informazio eskatu ahalko du horren inguruan. Atxilotuek, halaber, gutxienez bi bisita mediku jaso beharko dituzte 24 orduan.

Hori guztia hala izango da Auzibide Kriminalerako Legearen erreforma indarrean sartzen denetik aurrera. Espainiako Senatuan dago gaur egun egitasmoa eta EAJren zuzenketa bat dela medio sartuko dituzte aldaketa horiek legean. Atxiloaldia uneoro bideoz eta audioz grabatua izateko eskubidea aintzat hartzeko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari. Datorren astean bilduko dira berriz.

Nazioarteko eragileek, tartean Amnesty Internationalek, hainbatean eskatu diote Espainiari inkomunikazioa debekatzeko. Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere gomendatu diote hori egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.