Auzitegiko iturriek atzo zabaldu zutenaz bestera ez du ematen Barañainen atxilotutako gazteei deklarazioa gaur hartuko dietenik. Luis Goñi eta Xabier Sagardoi igandean atxilotu zituen Guardia Zibilak kale erasoak leporatuta, eta harrezkero inkomunikatuta dauzkate. Gainera, atzo inkomunikazio aldia luzatzeko eskatu zuen Guardia Zibliak eta epaileak onartu egin zuen. Bi gazte horien atxiloketa baliatu zuen Guardia Zibilak, besteak beste, Barañaingo gaztetxea miatzeko.
Inkomunikatuta dauzkatenez torturatuak izateko arriskua dutela uste dute haien gurasoek, eta kezka hori agertzeko Nafarroako Ararteko Javier Eneritzekin bildu ziren atzo. Ezin ziela lagundu erantzun zien, ordea, Arartekoak.
Halaber, defentsa abokatuak habeas corpus eskaera egin zuen, etaezezkoa eman zion atzo guardian zegoen Fernando Andreu epaileak. Inkomunikazio aldian tortura eragozteko neurriak har zitezela ere eskatu zuen, baina eskaera horren gaineko erantzunik ez zuten jaso. Abokatuak berriz galdegin du tortura eragozteko neurriak har daitezela: atxiloaldia bideoz grabatzea, senideek beren semeak non eta nola dauden jakitea eta konfiantzazko medikuen bisitak izatea.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkari Josu Espartzak atzo adierazi zuenez, familiarrek eta lagunek ez dakite non dauden ezta zertaz akusatzen dituzten ere. "Atxiloketak egiterakoan Guardia Zibilak erakutsitako aginduan ez zen salaketa zehatzik azaltzen, Segi gazte erakundeko kideak izan daitezkeela bakarrik". Kale borrokarekin harremana duten ekintzekin eta Segi erakundearekin lotura izatea egotzi zaiela, esaterako, komunikabideetatik jakin dutela gehitu zuen AAMko arduradunak.
"Bahiketa bat da", salatu zuen Luis Goñiren amak kazetarien aurrean. "Ez dakit ezer nire semearen egoeraz, ez non dagoen, ez zergatik atxilotu duten, ez eta behar dituen botikak ematen dizkioten ere".
Duela bi urteko sute batekin lotu nahi dituztela salatu dute
Guardia Zibilak orain dela denbora asko jarraitzen zituen Barañaingo bi gazteak, Espartzak esan zuenez, eta, ondorioz, "behar bezainbeste froga" biltzeko aukera izan du. "Hori dela eta, ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten zuzenean epailearengana bidali, inkomunikazio egoeran mantendu beharrean". Arartekoarekin izandako bileraren amaieran, AAMko arduradunak komunikabideen aurrean nabarmendu zuen inkomunikazioa lehenbailehen bukatu behar dela, "tortura susmorik ez egoteko bide bakarra baita".
Josu Espartzaren iritziz, "oso argi dago atxiloketaren eta inkomunikazio egoeraren arduradunak UPN eta PSN direla". Igandean gertatutako atxiloketak orain dela bi urte Jose Antonio Mendibe UPNko zinegotziaren dendan izandako sutearekin lotu zituen Espartzak. Egun Barañaingo alkatea da Mendibe.
Burdindegiaren sutearen ostean, atxiloketak eskatu zituen Mendibek, eta igandeko bi atxiloketak "horren erantzuna dira", Esparzaren arabera. "UPNk atxiloketak eskatzen dituenean, PSNk ematen dizkio, eta, bestela, UPNk bere kabuz egiten du", gaineratu zuen. Polizia operazioak irekita jarraitzen duela esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak.
Torturaren Aurkako Taldeak atxiloketen inguruko kezka agertu du prentsa ohar baten bidez. TATek inkomunikazioa amaitzeko eskatu du, "tortura desagertzeko bide bakarra delako", eta nazioarteko kontalariek gauza bera eskatu dutela gogoratu du.
Atxiloketak
Inkomunikazioa luzatu diete Barañaingo atxilotuei
Guardia Zibilak atzo egin zuen eskaera, eta Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak onartu egin zuen. Luis Goñi eta Xabier Sagardoi igandean atxilotu zituen Guardia Zibilak, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita. Atzo Javier Eneritz Nafarroako Arartekoarekin izan ziren bi gazteen gurasoak, eta ezin diela lagundu erantzun zien. Gazteen abokatuari oraindik ez diote esan noiz igaroko diren epaileraren aitzinetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu