Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du proba, eta antolatzaileak gustura agertu dira. “Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du aurten. 543 kirolari atera dira, eta asko parte hartu ezinda geratu dira, muga jarri genuelako. Oso arrakastatsua izan da”, azaldu du Iñigo Etxeberria zeharkaldiaren koordinatzaileak. Gipuzkoan egiten den zeharkaldirik gogorrenetako bat da, igerilariak olatuen aurka joaten direlako denbora luzean.
Eguraldiak lagundu du gaur, eta giro bikaina egon da.
Bihurrikerien eguna La Flamenkan
Gaur, haurrak izango dira jaun eta jabe Donostia piratan. Goizean goiz, pirataz mozorrotu dituzte umeak Pirata Bihurriak kofradiako kideek. 13:15ean entzierro txikia egin dute, Ikatz kaletik abiatuta La Flamenkaraino. Bertan, “haur bazkaria” egin dute: “Haurrek ere badute herri bazkariak egiteko eskubidea”.
16:30ean txikiak gunez aldatu, eta Kaiarribara joango dira. Hasieran Kermes jolas erraldoia egingo dute, eta ondoren, Abordatze txikia. Blaitu ostean, kalejiran joango dira berriro ere La Flamenkara.
Txarangak eta kontzertuak
Egunak aurrera egiten duen heinean, musikak geroz eta eremu handiagoa hartzen du Donostian, eta hala izango da gaur ere. 18:30etik aurrera txarangek girotuko dute Parte Zaharra, eta 23:30ean kontzertuen txanda izango da.
La Flamenkan Jauntxo Skalari Klubaren eta Besteikberen kontzertua egongo da. Nautikoan, Griffi DJak musika jarriko du, eta Obrint Pas taldeak Sagues girotuko du.
Atzo, South Centralek hankaz gora jarri zuen La Flamenka.