Aralarrek «inoiz baino zerrenda gehiago» aurkeztuko ditu maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan. Hego Euskal Herriko 102 herritan izango da. Alderdiko kideek nabarmendu dutenez, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako herritarren %90ek eta Nafarroako herritarren %75ek hautatu ahal izango dute Aralarrek babestutako zerrendaren bat.
Herrialdeka, Gipuzkoan aurkeztuko du zerrenda gehien. 31 herritan izango da Aralar; horietatik bitan (Deba eta Zarautz) Ezker Batuarekin batera. Halaber, lau herri hautagaitza babestu ditu. Bizkaian, 27 herritan aurkeztuko da. Muskizen, Ezker Batuarekin batera, eta lau herritako hautagaitza independenteak babestu ditu. Araban, berriz, zortzi zerrenda propio eta hiru zerrenda babestu ditu. Nafarroan, NaBairen izenean, 32 zerrenda aurkeztuko ditu EAJrekin batera, Aralarren izenean bat, eta beste hiru herri plataforma babestu ditu.
Prentsaurreko batean azaldu dutenez, alderdiko kideen helburua izango da Aralarrek ordezkatuko lukeen ezker abertzale «politikoki eraginkorra, eraldatzailea eta irekia» indartzea eta sendotzea. Horretarako, bost lan ildo zehaztu dituzte. Indarkeria guztien aurka eta biktima guztien aitortzan «konpromiso tinko eta erabatekoa» agertzea; politika egiteko beste modu bat aldarrikatzea, «maximalismoetatik urrunduz, eguneroko arazoei konponbideak emateko lan egiten duena», eta indarrak batzea, «krisiari erantzun soziala eman nahi dietenekin eta PP-PSEren operazio baztertzaileari aurre egin eta gure izaera, nortasun, hizkuntza eta erabakitzeko eskubidearen defentsan jarduteko».
«Inoiz baino zerrenda gehiago» aurkeztuko ditu Aralarrek
PSEren eta PPren arteko «fronteari» eta krisi ekonomikoari aurre egiteko, indarrak batzearen alde agertu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu