Inoiz erabili gabeko eraikin bat okupatu dute Bilbon

Uribarri auzoan dago eraikina, eta, 60 urte dituen arren, ez dute inoiz erabili; bertakoen zerbitzuan jarriko dute

Okupatutako eraikinaren ataria, atzo arratsaldean. BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Inoiz erabili gabeko eraikin bat auzoaren zerbitzuan jartzeko asmoarekin, etxebizitza bloke oso bat okupatu dute Bilboko Uribarri auzoan. Herenegun arratsean sartu ziren eraikinera; Matiko kalean dago, eta inoiz ez dute erabili, nahiz eta 60 urte badauzkan. Are gehiago: okupatu dutenen arabera, inor ezin daiteke han bizi, ez baitauka horretarako baimenik. Hala, auzoan horrelako leku baten beharra dagoelakoan, okupatu egin dute, eta bertakoen zerbitzuan jartzea dute helburu orain. Bihar arratsaldean zabalduko dute, auzotarrek ikus dezaten.

Ezaguna da eraikina Uribarriko auzotarren artean, egin zutenetik ez duelako inork ere erabili. Behin baino gehiagotan salatu izan dute hori hangoek. Besteak beste, orain dela hogei urte inguru, udalari eskatu zioten aprobetxa zezala eraikin huts hori osasun zentro bat egiteko, orduan ez baitzegoen halakorik Uribarrin; ez zuten han egin, azkenean. Geroztik, etengabe agertu dira eraikina erabiltzearen alde.

Herenegun arratsean, hitzak utzi, eta ekitea erabaki zuten. Ehun bat lagunek kalejira egin zuten auzoko kale nagusietan; ordurako, eraikinaren barruan zeuden beste batzuk, eta kalejiraren amaieran atera ziren teilatura, okupazioaren berri ematera. Nabarmendu dute udalari maiz eskatu izan diotela lokal bat auzorako eta, entzungor egin dienez, okupatzea erabaki dutela.

Udaltzainen bisita

Uribarriri estu lotutako izen bat jarri diote gaztetxeari: Patakon. Azaldu dute inguru hartan bazela baserri bat izen hori zeukana, Larrabetzuko bandolero batena. Hark askotan erabiltzen zuen esaldi bat gogora ekarri dute okupazioan parte hartu dutenek: Patakon, daukanari kendu, ez daukanari emon.

Eraikina egokitzen pasatu zuten atzo eguna: Auzoa biziberritzera goaz dioen kartel bat jarri dute kanpoko horman zintzilik, eta Patakon izena margotu atarian. Udaltzainen bisita ere izan zuten: bi lagun identifikatu zituzten. Jabea ere joan zen. Atzo, behintzat, ez zieten jakinarazi okupatzaileei ea eraikinaren jabeek salaketarik jarri duten.

Salaketak gorabehera, izandako harrerarekin pozik daude eraikina okupatu dutenak. Klaxonarekin hotsa ateraz igarotzen dira ibilgailuak, eta edadeko jendea ere inguratu zaie, ekintzetarako tokirik izango ote duten galdezka. Nabarmendu dute eraikinaauzoko guztiei irekitzeko asmoa dutela, edozein adin dutela ere.

Bihar irekiko dute Patakon gaztetxea, arratsaldean: 17:00etan bilduko dira lehenbizi, garbiketa egiteko; 18:30ean, gaztetxea erabat zabalduko dute; eta, 19:30ean, batzar bat egingo dute. Okupatzaileen asmoa da bihartik aurrera egunero-egunero irekitzea eraikina arratsaldeetan, auzotarren zerbitzuan egon dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.