KOMUNIKAZIOA

Inoizko datu onenak eman dizkiote Euskadi Irratiari: 149.000 entzule

CIESen neurketaren arabera, Gipuzkoan liderra da euskarazko irratia, 80.000 entzulerekin.

urtzi urkizu
2015eko maiatzaren 21a
17:29
Entzun

CIES institutuak egindako neurketaren arabera, Euskadi Irratiak inoizko datu onenak lortu ditu: 149.000 entzule Hego Euskal Herrian, astegunetan. Datu historikoak dira euskarazko irrati publikoarentzat. Historikoak, eta potoloak herrialdeka lortu dituztenak. Gipuzkoan, astegunetan, gehien entzuten den irratia da Euskadi Irratia, CIESek dioenez: 80.000 entzule. Iaz sasoi bereko neurketan 61.000 entzule zituen. Ez da lehen aldia Gipuzkoan lidergoa lortzen duena. EGM Komunikabideen Azterketa Orokorrak 2012ko apirilean emandako datuetan ere liderra zen euskarazko hedabidea, gaztelaniazko guztien gainetik. Oraingoan, ordea, alde handiagoa ateratzen die lehiakideei. Radio Euskadik, esate baterako, 58.000 entzule ditu Gipuzkoan.

Araban inoizko datu onena lortu du Euskadi Irratiak: 9.000 entzule. Bizkaian ere igoera nabarmena izan da: iaz 32.000 entzule, eta orain 45.000. Nafarroan 15.000 entzule lortu ditu euskarazko emisorak.

Gaztea irrati formulak, bestalde, 119.000 entzule dituela dio CIESek, iaz baino 5.000 gehiago. EITB Musika irratiak 32.000 entzule ditu, eta Radio Vitoriak, 33.000. Astegunetan Araban entzule gehien duen irratia da Radio Vitoria.

Radio Euskadik, aldiz, beherakada nabarmena izan du: iazko maiatzeko neurketan 220.000 entzule zituen, gaur egun baino 41.000 gutxiago. Astegunetan 179.000 entzule ditu orain gaztelaniazko irratiak.

EITBk plazaratutakoinformazioaren arabera, bestalde, 512.000 herritarrek egiten dute bat astegunetan taldeko irratiekin. ETBko kateak 612.000 ikus-entzule dituzte, CIESen neurketak jaso duenez. Taldeko irratiak eta telebistak batuta, astelehenenetik igandera 1.082.000 ikusle eta entzule ditu EITBk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.