Inork ez du gehiengo absoluturik lortu, eta bihar hautatuko dute Urkullu

EAJko hautagaiak 27 boto lortu ditu, eta Laura Mintegik 21. 27 abstentzio izan dira. Biharkoan, gehiengo sinplea beharko du Urkulluk. Igandean jakinaraziko du gobernu taldea. Bideoa: bozketaren irudiak. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1636/[/Berriatb]

2012ko abenduaren 12a
07:58
Entzun

Ez da sorpresarik izan. 19:30etan egin dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko bozketa, eta ez du gehiengo absoluturik lortu ez Iñigo Urkullu EAJko hautagaiak ezta Laura Mintegi EH Bildukoak ere. 27 boto eskuratu ditu Urkulluk, eta 21 Mintegik. Gainontzeko 27ak abstenitu egin dira. Ondorioz, bihar jarraituko du inbestidura saioak; legebiltzarkide gehienen babesa lortzen duena izango da, beraz, lehendakaria. Ezusterik ezean, Urkullu izendatuko dute lehendakari.

09:30ean ekin diote osoko bilkurari, indar politiko guztiak ordezkatzen dituen Eusko Legebiltzar berrian. Mintegi izan da lehena hitza hartzen. Ondoren izan da Urkulluren txanda, eta denbora tarte bera eduki du. 12:25etan bukatu du honek.

Saioari 14:30ean ekin diote berriro, taldeetako bozeramaileen ordu erdi banako hitzaldiekin. Talde mistoko Gorka Maneirok (UPD) abiatu du arratsaldeko saioa. Ondorengoak: PPko Antonio Basagoiti, PSE-EEko Patxi Lopez, EH Bilduko Julen Arzuaga eta EAJko Joseba Egibar. 

Astearterako martxan

Bihar lehendakari izendapena lortu ostean, kargua hartzeko ekitaldia larunbatean egiteko asmoa du Urkulluk, Gernikako Juntetxean. Gernikako Estatutua erabiliko du kargua hartzean. Berri agentzien arabera, igandean ezagutaraziko du nork osatuko duen bere gobernua.

Asteartean egingo du Jaurlaritza berriaren lehen gobernu kontseilua, eta 2013rako aurrekontuak prestatzeko aginduko die sailburu berriei. Sail kopurua hamarretik zortzira jaisteko asmoa du Urkulluk, eta, jakinarazi zuenez, lau emakume eta lau gizonezko izango dira sailburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.