Inpartzialtasun falta salatu dute Mugituko kideek

Auzipetze autoa irakurri diete Barcinari tarta botatzeagatik auzipetu lau lagunetatik biri Iruñeko epaitegian

Epaitegira deitu zituzten atzo Barcinari tarta bota ziotenak. J. MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aurrera jarraitzen du Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik auzipetu lau lagunen aurkako prozesuak. Abiadura handiko trenaren kontrako protesta gisa egin zuten. Atzo, Gorka Ovejero eta Julio Villanueva Mugituko kideak Nafarroako Auzitegira deitu zituzten, auzipetze autoa irakurtzeko. Agintearen aurkako atentatu larria egotzi diete; lau eta bederatzi urte bitarteko zigorra jaso dezakete. Haiek karguak ukatu zituzten, eta ez zuten deklaratu. Haien abokatu Gonzalo Boyek helegitea aurkeztu, eta auzia ez dela inpartziala salatu du. «Salatzailea eta ikertzailea bera dira».

Izan ere, Foruzaingoak ikertu du Barcinari botatako tarten afera. Nafarroako Gobernuaren menpe dago Foruzaingoa. Hori dela eta, Barcinari «nepotismoz jokatzea» egotzi dio Boyek. Auzipetutako bertze bi pertsonei, Ibon Garciari eta Mikel Alvarezi, ekainaren 7an irakurriko diete auzipetze autoa, Donostian.

Bestalde, AHTaren kontuak aztertu zituzten atzo Nafarroako Parlamentuan. Obrak ordaintzeko moduaz galdetu zion NaBaiko parlamentari Manu Aierdik Sustapen kontseilari Anai Astizi. Nafarroak 387 milioi eurotik goiti ordaindu behar ditu Castejon eta Iruñea arteko obrak egiteko. Dirua aurreratu behar du, eta gero Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen eskutik jaso. Sistemak eragindako interesak, halere, Nafarroak hartu behar ditu bere gain. «40-50 milioi euro inguru», esan du Aierdik; «Kopurua murriztu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.