Espainiako Indar Armatuen eta Hispanitatearen Egunaren harira, LAB sindikatuak elkarretaratzeak egin zituen atzoHego Euskal Herriko hiriburuetan, eta Euskal Herriarentzat lan egutegi propioa eskatu zuen. Eskakizun hori erakundeei egin zien LABek, besteak beste.
Donostian 200 bat lagun bildu ziren Bulebarrean, 12:30ean, Inposaketarik ez. Berton erabaki leloarekin eginiko elkarretaratzean. Pankartari eusten, erdi-erdian, LABeko idazkari nagusi Rafa Diez izan zen. Diezek euskal erakundeei dei egin zien 2006rako Euskal Herriarentzat lan egutegi propioa egin dezaten: «Euskal erakundeek euren lan egutegia definitzeko gai izateko, Espainiako Gobernuak alor horretan egiten dituen inposizioak jasatera behartuak ez egoteko garai iritsi da».Izan ere, Diezen iritziko, Hispanitatearen Egunak «gauza negatiboak» besterik ez du esan nahi euskal herritarrentzat. Atzokoa «gure eskubide demokratikoak urratzen dituzten guardia zibilen eta Espainiaren eguna» dela nabarmendu zuen. Horrenbestez, euskal herritarrek ez dutela zer ospaturik iritzi dio. Beste ildo batetik, LABeko idazkari nagusiak «Espainiako inperioak Amerikan eginiko sarraski handia» izan zuen hizpide. Beraz, haren esanetan, atzokoa ez da egun gogoangarria, «Espainiako inperioak egindakoak salatzeko eguna» baizik. Hori guztia dela eta, Diezen ustez atzokoak hausnarketa eguna behar luke izan: «Honako hau galdetu behar genioke geure buruari: zergatik onartu behar dugu euskal herritarrok horrelako jaiegun bat? Inposatutako jaiegun bat?».Hegoaldeko beste hiriburuetako elkarretaratzeetan LABeko langileek eta sindikatu ordezkariek parte hartu zuten batez ere. Bilbon eta Iruñean 100na lagun inguru bildu ziren; Gasteizen 60 bat pertsona izan ziren Legebiltzarraren aurrean.
HISPANITATEARN EGUNA
Inposaturiko jairik gabeko egutegia eskatu die
Sindikatuak elkarretaratzeak egin ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu