"Nazio honetan sinesten dut, Europako gainontzeko nazioekin bat gehiago bezala lehiatuko den Euskadi batean", adierazi zuen atzo Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, atzo Forondako zelaietan egindako Alderdi Egunean. Milaka lagun batu ziren; CiUko ordezkaritza bat, besteak beste. Urkulluk "XXI. mendeko akordio bat" eskatu du, "borondate demokratikoan oinarrituta, edozein proiektu politiko" gauzatzeko. "Inposatutako mendekotasunik" gabeko nazio bat galdegin zuen Urkulluk, "euskal herritarren erabaki askea" ez den beste loturarik gabea.
Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskudeei begira, Urkulluk indarrak batzeko eta "atzeralditik hazkundera, langabeziatik enplegura eta etsialditik itxaropenera" igarotzeko konpromisoa eskatu zuen. Gainera, bozak EAJk irabaziko zituela ziur agertu zen. Egoera ekonomikoaz, Urkulluk nabarmendu zuen EAJk ez duela inor "bide bazterrean" utziko, eta "zigortuenek" EAJn topatuko dutela administrazioaren "esku babeslea".
"Zentzurik gabeko hainbeste oinaze" eta gero, bakea "iraunkorra" izateko nahia azaldu zuen Urkulluk. "Izugarrikeria ahaztezina bizi izan dutenentzako aitorpenean eta oroimenean sinesten dut", gaineratu zuen. Indarkeriari erreferentzia gehiago egin zion EAJko buruzagiak: "Tiroak botatzen zizkiguten bitartean, gu harriz harri eraikitzen ari ginen orain iritsiko diren erakundeak; iraultza zergarekin mehatxatzen gintuzten bitartean, gu kontzertu ekonomikoa berreskuratzen eta indartzen ari ginen". Urkulluren esanetan, EAJk ez du "leziorik" onartuko "Euskadi atzo hasi zela uste dutenengandik".