Emakumeen Eguna

"Inposizio" eta "debekurik gabeko" amatasun eskubidea aldarrikatuko dute etzi

Emakumeen egunaren harira, hiriburuetan mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko Koordinakunde Feministak. Jasandako "erasoen" aurka erantzutera deitu du.

Elkartearen agerraldia. OIHAN VITORIA
Oihan Vitoria.
2014ko martxoaren 6a
08:43
Entzun

Urteroko legez, Euskal Herriko Koordinakunde Feministak kanpaina bateratua prestatu du Martxoaren 8ari begira. Gure askatasuna borrokatuz lelopean, emakumeen erabakitzeko eskubidea ardatz duen eredu bat aldarrikatuko dute. "Urteetan ahalegin izugarriz lortu ditugun eskubideen kontra sekulako erasoak jasaten ari gara", salatu du elkarteko kide Ana Txurrukak. Horren aurka, "gogor" erantzutera deitu du, eta, denera, lau manifestazio egingo dituzte: bi goizean, Gasteizen eta Iruñean; eta beste biak arratsaldean, Donostian eta Bilbon.

Koordinakunde feministaren bozeramailea oso kritiko mintzatu da, bereziki, abortuaren lege erreformaz. Andreen eskubideen "atzerakadaren" gailurra dela dio: "Adingabeko pertsona gisa hartzen gaituzte. Haiek erabaki eta guk obeditu egin behar dugu; otzan, serbil eta mutu. Horrela nahi gaituzte". Txurrukak, baina, argi utzi du ez direla "tranpa horretan" eroriko, eta inoiz ez direla "haiek nahi duten bezalakoak" izango. Horiek hala, "inposizio" zein "debekurik gabeko" amatasun eskubidea galdegin du.

Azaldu duenez, "duintasunez" eta "askatasunez" bizitzeko eskubidea gura dute: "Pertsonak garen aldetik, bizi proiektu bat garatzeko aukera dagokigu. Gure erabakiak jendarte eta erakundeek errespeta ditzatela exijitzen dugu". Horrekin lotuta, Txurrukak adierazi du estatuari dagokiola horretarako neurri eta zerbitzuak bermatzea, "eta ez trabak jartzea". Hartara, eskatu du haien bizitzaren jabe izatea ez eragozteko: "Ez gaitzatela objektu moduan trata, gizaki moduan baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.