Legea aldatzeko proposamena onartu du ministroen kontseiluak. Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak azaldu duenez, arauak aurrera eginez gero desagertu egingo da "inputatu" hitza prozedura judizialetan, eta horiek "ikertuak" izango dira lehen fase batean; instrukzioak aurrera egin ahala ikertua jarraitzen badu, "auzipetua" deituko diote hala dagoenari.
Horrez gain, ikerketari epeak jarri nahi dizkiote proposamenaren bidez. Auzi arruntentzat sei hileko epea aurreikusi dute instrukzio faserako, eta hemezortzi konplexuentzat. Horiek 36 hileraino luzatzeko aukera izango da. Espainiako Gorteetara bidali dute proposamena, bertan eztabaida dezaten.
Makrosumarioak saihestu nahi dituztela adierazi du Catalak, horrekin epeak laburtuko dituztela argudiatuta: "Delitu bakoitzak auzi bat sortuko du, eta bakoitzak sententzia bat". Egile argirik gabeko auziak epaitegietatik atera eta Espainiako Segurtasun Indarren esku utzi nahi ditu gobernuak.
'Whatsapp'-a ere kontrolpean
Zelatatu ahal izango diren komunikazioetan ere berrikuntzak txertatu ditu Madrilek, whatsappak eta SMSak aintzat hartuta. Epailearen baimena beharko dute horretarako, salbuespen, egokitasun eta proportzionaltasun irizpideak aintzat hartuz. Aurreproiektuan, epailearen baimenik gabe entzuketak egiteko aukera jaso zuen gobernuak, baina Fiskalen Kontseiluak "zalantza" agertu zuen neurri horren legezkotasunaz, eta azkenean ez dute proiektuan jaso.
Gainera, Catalak iragarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak Espainiako zuzenbidean txertatzeko prozedura bat sortuko dutela.