«Instituzio guztiak gobernatu nahi ditugu»

Ezker abertzaleak proposatutako «iraultza demokratikoaren» gakoak azaldu ditu Rufi Etxeberriak HUHEZI fakultateanBozetako emaitzek indar harreman berria indartzeko balio izan dutela uste du

Rufi Etxeberria eta Iñigo Iruin, Eskoriatzako HUHEZI fakultateko hitzaldi aretoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Eskoriatza
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Unibertsitateko ikasleei mintzatu zitzaizkien atzo Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea eta Iñigo Iruin abokatua. Euskal politikan paradigma berririk zabaltzen ari ote den jakin nahi zuten Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Gizarte aldaketak ikasgaiko ikasleek, eta aldaketa politikoa bultzatzen ari den ezker abertzaleko bi kiderengana jo zuten. Saio akademikoaren zati bat irekia izan zen, eta bestea hedabideren presentziarik gabe garatu zen, ikasleen parte-hartzea ez eragozteko. Gizarte aldaketak ikasgaiaren irakasleak azaldu zuenez, «ispiluaren aurrean jartzeko unea da». Halaxe egin zuten hizlariek.

Zati irekian, Rufi Etxeberriak hitz egin zuen, ezker abertzaleak azkenaldian egin duen «ekarpen txikia» azaltzeko. Ezker abertzalearen ekarpena «iraultza demokratiko gisa» aurkeztu zuen Etxeberriak unibertsitateko ikasle eta irakaslek osatutako entzuleriaren aurrean. «Iraultzailea errealitate politikoa errotik aldatu nahi dugulako», azaldu zuen Etxeberriak. «Demokratikoa aldaketa euskal herritarren borondatearen baitan egin nahi dugulako», osatu zuen. «Egoera errotik aldatu nahi dugu, baina herriarekin, herritarren parte hartzearekin», laburbildu zuen.

Ezker abertzalearen eginkizun politikoa bi planotan garatuko da, Rufi Etxeberriaren arabera. «Borroka politiko nagusia —eta ez gara bakarrak horretan— nazio aitortzaren eta autodeterminazio eskubidearen baitakoa izango da». Norabide horretan, Etxeberriak gogoratu zuen ezker abertzaleak eskaintza argia egin duela: nazio aitortza aldarrikatzeaz gain, estatu propioa ahalik eta azkarren lortzeko beharra planteatu du. «Estrategia independentista da gure iparra. Euskal Herriak ez du etorkizunik bi estatuei lotuta». Bigarren planoa, egituraketa instituzional berria, eredu ekonomiko eta sozial berria eta eredu produktibo eta teknologiko propioa lortzea da.

Prozesu horretan euskal gizartea subjektu aktibo bihurtu nahi du ezker abertzaleak. «Hori da aliantza bidez eratu dugun Bilduren erronka, eta Bildu dagoen instituzio guztietan daukan ardatza», azaldu zuen Etxeberriak.Gatazka gainditzea bai, baina aldi berean herri honetako instituzioak gobernatzeko asmoa agertu du Rufi Etxeberriak, Bilduren egitasmoaren bidez. «Gatazka politikoa gainditu behar dela diogu, bai, baina beste eragile batzuekin batera eratu dugun aliantza instituzional eta elektoralaren baitan, herri honen instituzioak gobernatu nahi ditugu. Etorkizunean, ahalik eta instituzio gehien. Gure helburua herri honen instituzio guztiak gobernatzea da, herri interesen baitan». Etxeberriak nabarmendu nahi izan zuen egunerokotasunean herriak dituen beharren gobernantzari begira ezker abertzaleak alternatiba bat daukala. Horren harira, Etxeberriak aurreratu zuen epe motzean egingo duten eskaintza Gasteizko gobernua gobernatzeko izango dela. «Bi helbururekin; bata, esparru horretatik gatazkaren konponbidea lideratzeko, eta, bestea, euskal herritarren interesak defenditzeko eta eskaintza sozio-ekonomiko eta kultural berria egiteko».

Izan ere, politikagintza konbentzionalari alternatiba aurkeztu dio subiranista eta ezkertiarren arteko aliantzak, Etxeberriaren ustez. Elkarlana, Lizarra-Garaziz geroztik, berriro piztu egin da.

PPren jarreraz

Konponbidearen eremuan, ezker abertzalearen ustez, premiazkoa da salbuespeneko politikak indargabetzea. Horrekin batera, batetik, zigorren luzapena amaitzea eta Sortu legeztatzea, eta, bestetik, ETA eta gobernuen arteko elkarrizketak abiatzea. Etxeberriaren ustez, PPri oso zail jarri zaio inboluzio planteamenduei heltzea, baina presioa egin beharra aurreikusten du konponbide planteamenduetan jar dadin. Kontua luzatzeko joera izango duela uste du, krisi ekonomikoari lehentasuna eman beharra aitzakiatzat hartuta.

Azaroaren 20ko hauteskundeei dagokienez, Amaiurren inguruan egindako indar batuketaren garrantzia nabarmendu zuen. «Indar harreman berria sendotzeko balio izan dute, alternatiba sendotu du, indartsuagoak sentitu gara», azaldu zuen.

Entzuleria ez zen ohikoa izan atzoko hitzaldian. Tokia ere ez. Eskoriatzako HUHEZI fakultateko hitzaldi aretoa antzinako kapera bat da, erretaula eta koroa eta guzti. Ikasleak ohituta daude, arretaz jarraitu baitzuten hitzaldi osoa. Haientzat izan zen Rufi Etxeberriaren azken aipamena.«Gazteria subjektu klabea da prozesu honetan; iraultza demokratikoaren motor nagusia izango da. Are gehiago, iraultza horren eskutik eraikiko den errealitate berriaren kudeaketa belaunaldi berrien eskutik joango da, euskal gazteriaren eskutik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.