EUSKAL HERRIA

Instrukzio "bidegabeetan" oinarritutako epaiketak eteteko eskatu dute

'Libre' izeneko manifestua aurkeztu dute gazte mugimenduaren eta Batasuneko 40 kideren kontra urrian egingo dituzten epaiketetako auzipetuek. "Etsaiaren zigor zuzenbidea" ezartzeari uzteko eskatu dute. Agiriaren izen bereko dinamika abiatuko dute nazio mailan eta herriz herri, "denen artean aurre egiteko".

Berria.info
2013ko uztailaren 24a
18:55
Entzun

"Epaiketa politikoak" ez egiteko, "eskandaluzko instrukzio bidegabeetan" oinarritutako epaiketa guztiak artxibatzeko, prozedura judizial guztietatik "etsaiaren zigor zuzenbidearen" aplikazioa desagertzeko, aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak "baldintzarik gabe" errespetatzeko eta elkarbizitza demokratikorako "oinarri sendoak" ezartzeko eskatu dute urrian Auzitegi Nazionalean epaituak izango diren 80 euskal herritarren izenean.

Agerraldi bat egin dute gaur, bost puntu horiek jasotzen dituen manifestu bat aurkezteko. Urrian epaituko dituzte 40 gazte, Segiko kideak izatea egotzita; beste horrenbeste egingo dute Batasuna zenaren 40 kiderekin, herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita. Auzi horietan auzipetuak daudenetako lauk aurkeztu dute dinamika: Segiko kide izatea leporatzen dieten Mikel Eskiroz eta Olatz Izagirrek, eta Batasuna zenarekin lotu zituzten Joseba Alvarez eta Jon Gorrotxategik.

Epaiketa horien harira plazaratu dute agiria. "Garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari eraso egiten diete, konponbide baketsua blokeatu asmoz", esan du Alvarezek, eta gaineratu du Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aurka egin nahi duela horrela Espainiak, oinarrizko eskubidetzat aipatzen dituztenak ukatuz: "Eskubide zibil eta politikoen urraketa da epaiketen oinarria. Disidentzia politikoa da kriminalizatu eta giltzapetu nahi dutena".

"Elkartasunetik konpromisora"

Manifestua oinarri, Libre izeneko dinamika abiatuko dute nazio mailan eta herriz herri, eragile eta herritarrekin, "ezberdintasunak kontuan hartuta, denen artean aurre egiteko". Gogora ekarri dute oraindik 230 lagun daudela epaitu zain, eta gizarteak "argi" adierazi duela halako jarrera "antidemokratikoen" aurka dagoela, eta nabarmendu dute "elkartasunetik konpromisora" pasatzeko unea dela orain.

Uztailaren 8an hainbat arlotako profesionalek jarri zituzten oinarriak aintzat hartuta egin dute manifestua. Epaiketak "zentzugabekeria" direla eta elkarbizitza eraikitzeko "oztopoa" direla ohartarazi zuten. Dinamika horren baitan egingo dute urriaren 26rako Bilbon deitua duten manifestazioa, eta martxan dute atxikimenduak jasotzeko webgunea ere - libre.epaiketarikez.org -.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.