Joa den asteartean, Barakaldon atxilotu zuen Kaiet Prieto gaztea Guardia Zibilak. Beste hemezortzi gazterekin batera —Euskal Herrian hamabi atxilotu zituzten— sare sozialen bidez terrorismoa goratzea leporatuta atxilotu zuten, Armiarma polizia operazioaren barnean. Ordu batzuren buruan aske utzi zuten, karguekin.
Prietok BERRIAra bidalitako gutunean kontatzen du nola aurpegia estalia zuten bi gizonezko hurbildu zitzaizkion etxetik irten zenean: "Besotik gogor heltzen ninduten bitartean, beste batek plaka eskuan 'Guardia Civil, Guardia Civil, está usted detenido' esan zidan". Jarraian, euren autoan sartu, sakelako telefonoa kendu eta eskuak lotu zizkioten.
Une oro guardia zibil batek burua beherantz edukitzera derrigortzen zuela azaldu Prietok, eta bidaian "desorientatzen" saiatu zirela. Autoan, geldi zeudela, sare sozialetan terrorismoa goratzea leporatzen ziotelako atxilotu zutela esan zioten —aurrez, zergatik atxilotu ote zuten ba ote zekien galdetu zioten; Prietok ezetz erantzun zien—. "Hau jakinda, lasaiago gelditu nintzen, aurreko Armiarma operazioen berri banuelako. Nire eskubideak irakurri eta nire atxiloketa komunikatua izango zela azaldu zidaten".
Autoz, Bilboko La Salbeko komisariara eraman zuten Barakaldotik. Autoa utzi eta komisariara bidean oinez zihoazela, "burua eta begirada" ez altxatzeko errepikatu zioten "behin eta berriro".
Polizia etxean aurpegia bistan zuten bi guardia zibilekin utzi zuten atxilotua. "Erregistratu, eta nire gauza pertsonalak kendu zizkidaten (dirua, gerrikoa…), eta baita jertseko eta zapatiletako lokarriak labana batekin moztu ere". Polizia fitxa bete ostean, atxiloketaren berri eman ahal izateko telefono zenbaki bat emateko aukera eta abokatua izendatzeko aukera eman zioten.
Abokatuari oztopoak
Hiru ordu ziega batean igaro eta gero, abokatuarengana eraman zuten. "Deklaratzeari uko egin nion, eta berak [abokatuak] hartu zuen hitza". Ez zuela atestaturik irakurri eta leporatzen zizkioten delitu zehatzak zeintzuk ziren ez zekiela adierazi zuen abokatuak.
Deklarazioa amaitu eta gero, abokatuarekin pribatuan egoteko eskubidea eskatu zuen Prietok: "Baina hori gelako atea zabalik uzten bagenuen bakarrik gertatuko zela esan ziguten guardia zibilek; nire abokatuak eta biok uko egin genion". Gauzak horrela, elkarrizketa hori ziegan eduki zezaketela esan zieten, eta horri ere uko egin zioten. "Nire abokatuak prozesu judizial bat zabalduko zuela esanez mehatxatu zituen". Orduan utzi zituzten bakarrik Prieto eta abokatua.
Handik hogei minutura, sakelako telefonoa izan ezik, gainerako gauza pertsonalak bueltatu eta epaiketaren zain karguekin aske utzi zuten.
Interes politikoak
Zitazio judizial batekin deklaratzera deitzeko aukera eduki arren, Guardia Zibilak halako atxiloketak egiteko arrazoia ondokoa da, Prietoren ustez: "Aurreko Armiarma operazioetan gertatu bezala eta hauteskunde garaietan gaudelarik, argi dago gureak ere interes politikoen atzetik dauden atxiloketa politikoak direla". Atxiloketei esker telebistetako tituluetan agertu direla zehaztu du.
Gazte kritiko eta ezkertiarrak izateagatik atxilotu dituztela uste du. "Baina jakin dezatela ez dutela euren helburua lortuko, ez gaituztela isilduko, borrokan jarraituko baitugu adierazpen askatasuna lortu arte".