EKONOMIA

Interes tasak %1,50era igo ditu EBZk

Europako Banku Zentralak %1,25etik %1,5 puntura igo du interes tasa, eta ez du baztertu gehiago igotzea. Adituek uste dute irailera arte ez dela izango beste igoerarik. Hala ere, gaurko igoeraren ondorioz, euriborrak gora egin du.

2011ko uztailaren 7a
19:32
Entzun

Europako Banku Zentralak interes tasak puntu laurden bat igo ditu, %1,5era arte. Hala ere, Jean-Claude Trichet EBZko presidenteak uste du interes tasak oraindik "apalak" direla. Ondorioz, ez du baztertu berriz igoko dituztenik, "inflazio arriskua" dagoelako. 

Gaurko igoerarekin, tasa nagusiak mailarik altuena hartu du, 2009ko martxoaz geroztik. Moneta politika orain ere "moldakorra" dela esan du Trichetek, eta horregatik babesten dituela jarduera ekonomikoa eta enplegu sorrera.

EBZko presidenteak azpimarratu du inflazioa kontrolatzeko asmoz hartu dutela erabakia, eta "aho-batez" hartu dutela zehaztu du. Erabakiak, ordea, zaildu egin dezake Europa hegoaldeko herrialdeen ekonomien suspertzea.

Hipotekak, garestiago

Erabaki horrek eragin zuzena izango du herritarrengan, garestitu egingo baititu maileguak. Baita hipoteka maileguak ere. EBZk diruaren prezioa igotzen badu, igo egingo baitira finantza erakundeek herritarrei uzten dizkieten maileguen interesak. Euriborra —hipoteka gehienetarako erabiltzen den erreferentzia— igotzen ari da azken hilabeteetan, eta interes tasak igota, joera horri eutsiko dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.