Zer dira Euriborra eta Liborra?
Finantza produktu askoren interes tasa kalkulatzeko erreferentzia indizeak dira. Euriborrak Euro Interbank Offered Rate ingelesezko hitzei zor die izena, eta euroguneko bankuen arteko merkatutik ateratzen da. Liborra, berriz, Londresko bankuen arteko merkatutik ateratzen da. Erresuma Batuan, Kanadan eta AEBetan erreferente hori erabiltzen dute.
Badira indize gehiago?
Bai. Japonian Tibor erabiltzen dute, Hong Kongen Hibor, Hego Afrikan Jibar, Singapurren Sibor, Hungarian Bubor…
Zertarako erabiltzen dira?
Finantza produktu askoren interes tasa kalkulatzeko. Herritar askorentzat ezaguna da Euriborra, urtero hipoteka mailegu aldakorren kuota kalkulatzeko erreferentea delako, baina, gainera, kredituen eta beste finantza produktuen erreferente ere badira: interes tasen gaineko deribatuak, etorkizuneko kontratuak… Euriborraren eta Liborraren merkatu bolumena kalkulaezina da: 800 bilioi euro ingurukoa izan daiteke. Munduko ekonomia halako hamabi.
Zein da iruzurra?
Bi urteko ikerketaren ondoren, EBk frogatutzat jo du banku batzuetako artekariek informazio sekretua elkarrekin trukatu zutela Euriborraren eta Yenaren Liborraren (Tibor) kotizazioa nahierara aldatzeko, «bankuen irabaziak handitu eta sari gehigarriak ere loditzeko». Zehazki, Bruselak ziurtatu du banku horiek bi indize horiei lotutako deribatuen kotizazioen gorabeherak adostu zituztela. Deribatu horiek —swap, etorkizuneko kontratuak, aukerak edo etorkizuneko interes tasei buruzkoak— asko erabiltzen dituzte enpresek, interes tasen aldaketetatik babesteko. Milioika herritarri ere iruzur egin diete, interes tasa aldakorreko mailegu hipotekario gehienak indize horiei lotuta daudelako. Hego Euskal Herrian etxebizitza erosteko mailegu gehientsuenetarako erabiltzen da Euriborra, baina gutxi Ipar Euskal Herrian, interes tasa finkoak baitira hor nagusi.
Nola kalkulatzen da Euriborra?
Euro Interbank Offered Rate edo Euriborra kalkulatzeko, euroaren eremuan aritzen diren 34 bankuk igorritako informazioa baliatzen dute. Lehen, 44 ziren, baina hamar atera dira, zigorren beldur. Banku horiek, egunero, informazioa bidaltzen diote Thomson Reuters agentziari, egun horretan epe jakin baterako (hiru hile, urtebete...) dirua zein interesekin mailegatzen duten azalduz. Jasotako datu guztietatik, %15 garestienak eta %15 merkeenak baztertzen ditu Thomson Reutersek, eta gainerakoen batez bestekotik irteten da Euriborra.
Zelan manipula daiteke?
Agentziak ez du egiaztatzen datu bakoitza eta, hortaz, erraza da banku batek edo gehiagok benetan ematen duen interesa baino handiagoa aitortzea, baldin eta Euriborrak gora egitea nahi badu. Ehuneko gutxiren diferentzia eragin dezake aktore bakar baten iruzurrak, baina bilioika euro mugitzen direnez, irabazi handia eragin dezakete.
Zeinek egin dute?
Almuniaren taldeak bi kartel aurkitu ditu, hau da, elkarri lehia egin beharrean prezioak elkarren artean adosten zituzten bi talde. Batek Euriborra manipulatu zuen, gutxienez 2005etik 2008ra. Hor zeuden Barclays, Deutsche Bank, RBS Royal Bank of Scotland eta Societe Generale. Yenaren deribatuen inguruko kartela, berriz, UBS, RBS, Deutsche Bank, JP Morgan eta Citigroup bankuek eta RP Martin artekariak osatu zuten, eta 2007tik 2010era iraun zuen.
Zeinek ordainduko du?
Isun handiena Deutsche Banki dagokio: 725 milioi. Alemaniako bankuetan handienak onartu du bi karteletan hartu zuela parte, eta horrela lortu du hasierako isuna %10 jaistea. Frantziako Societe Generalek 446 milioi ordainduko ditu, 391 milioi RBSk, 79,8 milioi JP Morganek, 70 milioi Citibankek. RP Martinek 247.000 euroko isuna izango du kartela osatzen laguntzeagatik. UBSk 2.500 milioiko isunari eta Barclaysek 690.000koari izkin egin diote, kartel bat zegoela salatu zuelako. Citigroupek ere lagundu die ikertzaileei, eta, horregatik, isun bakar bat jaso du.
Auzia itxi da?
Ez. Iruzur egin dutela onartu ez duten beste hiru bankuei buruzko ikerketarekin aurrera jarraituko du Almuniaren taldeak, eta dagoeneko bidali die salaketaren agiri formala: HSBC, JP Morgan (euroen deribatuengatik) eta Credit Agricole. Talde horretan dago ICAP artekari agentzia ere. Ikerketa horrek urtebetetik gora har dezake oraindik. Aurrera doa Liborren manipulazioari buruzko ikerketa AEBetan eta Erresuma Batuan ere. Orain arte, Barclays, RBS, UBS eta Rabobanki buruzko ikerketak itxi dituzte, isun handiekin.