Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Interferentziak edo

Gipuzkoako uholdeak izan dira kanpainako agendatik kanpoko gertakari nagusia, baina ez dira mintzagai bakarra izanAlderdiek kanpainarako erabili dituzte, baina ez dute beti asmatu

Hernaniko errepide bat, urez gainezka, hilaren 6an. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Mundua ez da geratzen hauteskunde kanpaina batengatik; eta gai batzuk eguneko agendan egon eta kanpainan erabiltzen badira ere, beste batzuk ezustean iristen dira. Horiek kanpainan nola txertatu, nola erabili interferentzia beharrean mesederako izan daitezen, alderdietako estrategen esku dago, ez dute, ordea, beti asmatzen.

Azaroaren 5-6ko euriteek Gipuzkoako Oria eta Urumea ibai inguruetan eragindako uholdeak metereologia agentziek ere ez zituzten igarri, euri gehien igandean egin baitzuen, eta agentziek ekaitza mendebaldera joango zela esan zuten arren bertan geratu baitzen.

Uholdeak Nafarroako iparraldean ere izan ziren; Bizkaian ere eragina izan zuten, Gipuzkoan adina ez izan arren. Baina Gipuzkoako, eta bereziki Donostiako uholdeek hartu dute garrantzia kanpainan.

PSE-EEk eta EAJk erabili dituzte euriteen ondorioak Bilduk agintzen duen erakundeei eraso egiteko, Bilduren, eta hedaduraz Amaiurren, gaitasun eza «agerian» uzteko, urteetan eurek kudeatutako erakundeak izan eta uholde horiek ekiditeko neurriak hartu ez dituzten arren. Iñigo Urkulluren «lau tanta» horiek jo zuten gailurra.

Bilduk, eta hedaduraz Amaiurrek, eztabaidan sartu ordez ekintzez emandako erantzunak erasoei aurre egiteko gaitasuna ez ezik kontraeraso gisa ere balio izan dio: kaltetuekin egindako bilerek, antolatutako auzolanek (Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak berak ere parte hartu zuen Martutenen), erantzun ona izan dute herritarren artean.

Bilboko hilketa

Zeharo ezohiko erasoa jazo zen herenegun Bilbon, Santutxu auzoan; gizonezko batek inguruan zituenak labankadaz zauritu, eta taberna batean 65 urteko gizonezko bat hil zuen. Kanpainan zirenak biktimekiko eta haien senideekiko elkartasuna adierazi zuten, baina Patxi Lopezek harago joan nahi izan zuen, Donostiako Konstituzio plazan sozialistak egiten ari ziren ekitaldian. Erasotzailearekin «justizia» egiteko eskatu zuen, eta «indarkeria oro, dela terrorista, dela matxista, dela edonolakoa» desagertzera deitu zuen, 31 urteko gizonezkoaren «indarkeria» zein motakoa zen ezin esanez.

Bilboko alkate Iñaki Azkuna ez dabil kanpainan, baina horrelakoak sarri erabiltzen ditu kalean polizia gehiago eta segurtasun neurri gehiago aldarrikatzeko.

Errioxa

Gatazka ez da oraingoa, baina hauteskunde kanpainan areagotu egin da. Osasun arloan nahikoa arazo ez, eta orain Errioxako erkidegoak Arabako herritarrak hango erietxeetan artatzeari uko egin izanak piztu du auzia.

Claudio Rodriguez EAJko Senaturako zerrendaburu arabarrak Arabako Errioxako herritarren botoa eskatu zuen atzo, «EAJk ez zukeelako sekula onartuko horrelakorik». Ez zen bakarra izan. Ramon Jauregi Arabako zerrendaburu sozialistak ere gaiari heldu behar izan zion atzo, aldeen arteko akordioa eskatzeko, eta Espainiako Gobernuan duen lekua aprobetxatuta Errioxako gobernua ohartarazi zuen.

ETArekin elkarrizketa argitaratu zuen Gara-k ostiralean; «desarmea agendan» dagoela esan zuen besteak beste. Gai hori, ordea, ez dute erabili kanpaina egiteko. Ados jarri dira ia alderdi guztiak, «elektoralistatzat» jotzeko orduan, hauteskunde kanpainaren erdian egina bai, baina kanpainatik askoz harago doan adierazpena izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.