Egunkaria-ren ixtea

International Press Institute erakundeak 'Egunkaria'-ren ixtea salatu du bere urteko txostenean

IPI International Press Institute erakundeak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera salatu du bere urteko txostenean. "Egunkari bat ixtea neurri drastikoa da eta orain Espainiako Gobernuari dagokio itxiera arrazoitzeko frogak aurkeztea", salatu du IPI-ko Kazetarien Babeserako Komiteko lehendakariak. Txosten horretan Martxelo Otamendi 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendariak eginiko tortura salaketak ere jasotzen dira

2004ko martxoaren 10a
18:31
Entzun
Prentsa askatasuna bultzatzea eta babestea du helburu IPI erakundeak, eta bere azken txostenean dioenez, "terrorismoaren eta komunikabideen" arteko lotura egiten denean "ez da kontutan hartzen horrek prentsa askatasunean duen eragina"

Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendariak egindako tortura salaketak ere jasotzen ditu IPI-k bere txostenean. "Poliziaren zaintzapean zegoenean tratu txar fisiko zein psikologikoak jasan zituela salatu zuen", jasotzen du IPI-ren txostenak. Otamendiren tortura salaketaren zehaztapenak jasotzen ditu IPI-k, hala nola: poltsa jarri ziotela bitan buruan eta biluzik eta makurtuta eduki zutela denbora gehiena.

International Press Institute erakundea 1950. urtean sortu zen "prentsa askatasuna bultzatu eta babesteko", eta Vienan du egoitza. Egun, mundu osoko 151 herrialde ezberdinetako kideak ditu institutuak.

Beste salaketa batzuk

Mugarik gabeko kazetariek eginiko eskaria ere jasotzen du IPIk. Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusiari ETAren bideo bat emititu izanagatik inolako prozedura judizialik ez irekitzeko eginiko eskaria da, hain zuzen.

Bestetik, irailean ustez Al-Kaedarekin harremana zuelako Taysir Aloumi kazetariaren atxiloketarengatik "kezka" azaldu du Prentsaren Nazioareko Erakundeak.

Horrez gain, Iraken hil zituzten kazetarien heriotzak ondo argitzea eskatzen du, Jose Couso Tele 5eko kamararen kasuan eta beste hainbatetan informazio faltak eragin zituela heriotzak dio IPIren txostenak. Armadako goi buruek kazetarien nondik norakoen berri bazutela Iraken dio, baina soldaduek ez nonbait. Hori "akats larria" dela eta "orain erantzukizunak argitzea" eskatzen du Nazioarteko Prentsaren Erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.