Atzo urtebete zazpi lagun internazionalista atxilotu zituen Espainiako Poliziak Auzitegi Nazionalaren aginduz. Lan internazionalista egiteagatik, ETAko kide izan edo hari laguntza ematea egotzi zieten. Beste pertsona bat atxilotu zuten ondoren, eta beste lau deklaratzera deitu zituzten. «Hamabi lagun izan gara kriminalizatuta operazio honetan», azaldu dute beren burua auzian nahastuta ikusi dutenek.
Horietako bost, Unai Vazquez, Walter Wendelin, Dabid Soto, Gabi Basañez eta Aritz Ganboa, auzipetuta daude, epaiketa zain. AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek Ruben Sanchez eta Uberka Bravo ere auzipetzeko eskatua dute. Horiek guztiek egindako lana ez dela inolaz delitu ohartarazi dute guztien izenean Wendelinek eta Basañezek. «Internazionalismoa eta elkartasuna ez dira delitu». Hortaz, guztiak errugabetzea besterik ezin dela onartu adierazi dute, eta, horrez gain, «kriminalizatu» dituzten horien guztien «izenak eta jarduera garbitzea» eskatu dute.
Akusatuen ustez, auzi horrek argi erakusten du Espainiako Estatuaren «izaera ez demokratikoa». Eta, hori salatzeko, kanpaina bat abiatu dute. «Elkartasun internazionalistari eginiko erasoaren nondik norakoak» azalduz manifestu bat egin dute, eta babesa biltzen hasi dira bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
Elkartasun internazionalista mundu duinagoa lortzeko «ezinbesteko tresna» dela eta, «elkartasuna eman eta jasotzen» segitzeko deia egin dute.
Internazionalismoa babesteko, sinadura bilketa abiatu dute
Askapenan lan eginda ETArekin lotura izatea egotzita zazpi lagun atxilotu eta urtebetera hasi dute kanpaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu