Amaiurrek ez luke arazorik izan behar Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko. Kongresuko araudia eta talde parlamentarioak osatzeko orduan izan diren aurrekariak ikusita, Kongresuko Mahaiak ez luke eragozpenik jarri behar Amaiurreko zazpi diputatuek talde propioa osa dezaten. Kongresuko Mahaiari dagokio araudia interpretatzea, baina diputatuek taldea osatzeko eskubidearen alde egin beharko luke, Auzitegi Konstituzionalak ERCren auzian babestutako irizpidearen arabera.
Talde parlamentarioen osatzea eta funtzionamendua Kongresuko araudiaren bigarren tituluan arautzen da, 23. artikulutik 29. artikulura. Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko. Lehena, hamabost diputatuk osatzea. Gutxieneko kopuru horretatik behera, beste aukera bat ematen du araudiak. Gutxienez bost diputatuk osatzea eta honako bi baldintza hauetako bat betetzea: «Hautagaitza aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jaso izana edo nazioan, osorik hartuta, emandako botoen %5 lortu izana».
Amaiur lau hautesbarrutitan aurkeztu zen. Araban, % 19,11 eskuratu zuen; Bizkaian, %19,21; Gipuzkoan, 34,80, eta Nafarroan, %14,86. Araudiko 23. artikuluaren erredakzioak ez du zehazten eskatutako gutxieneko ehunekoak (%15) hautesbarruti bakoitzean eta guztietan izan behar duen edo hautesbarrutietako boto guztien %15ekin nahiko ote den.
ERCren aurrekaria aztertuz gero, ondorioztatzen da Kongresuko Mahaiak hartu behar lukeen erabakiak Amaiurren aldekoa izan beharko lukeela.
ERCren kasua
2004ko martxoaren 13ko hauteskundeetan, ERCk zortzi diputatu lortu zituen —Bartzelonan lau, Gironan bi, Lleidan bat eta Tarragonan bat—. Zortzi diputatuek jakinarazi zioten Kongresuko Mahaiari talde parlamentarioa osatzeko nahia. Mahaiak onartu zuen eskaera, eta osatutzat jo zuen ERCren taldea. Baina biharamunean PPren taldeak erabaki hori berriro aztertu eta indargabetzeko idazkia aurkeztu zuen. PPk argudiatu zuen ERCk ez zuela betetzen araudiaren 23. artikulua, Alacant, Castello eta Valenciako hautesbarrutietan gutxieneko %15a ez zuelako eskuratu. Kongresuko Mahaiak, ordea, atzera bota zuen PPren eskaria,eta ontzat jo zuen ERCren talde parlamentarioaren osatzea. Mahaiak 2004ko apirilaren 14an hartu zuen akordio horretan erabili zituen argudioetan dago nahiko helduleku Amaiurrek bere taldea lortzeko. Hiru argudio nabarmendu daitezke. Lehenik, Mahaiak argudiatu zuen jurisprudentzia konstituzionalaren arabera Kongresuko araudiaren interpretazioak talde parlamentarioak osatzeko diputatuek duten eskubidearen aldekoa izan behar duela. Bigarrenik, argudiatu zuen ERCren taldea osatzeak kalterik ez ziela eragiten beste taldeen eskubideei. Alderantziz, «Talde Mistora biltzeak Ganberaren funtzionamenduan distortsioak eragin ditzake», nabarmendu zuen Mahaiak. Hirugarrenik, aniztasun politikoa aldarrikatu zuen: «Mahaiaren betebeharra da aniztasun politikoa babestea, parlamentuan herri borondateak adierazitakoaren isla izan behar duena».
Hiru argudio horiek kontuan hartuta, eta araudia talde parlamentarioak osatzeko diputatuek duten eskubidea lehenetsiz interpretatzen badu Mahaiak, Amaiurrek ez luke arazorik izan behar taldea izateko, nahiz eta Nafarroan hamarrenen bategatik %15era ez iritsi.
PPk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Mahaiaren argudio horien kontra, eta auzitegi horrek atzera bota zuen helegitea, tramitatu gabe.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bozen ondorena
Interpretazioa, taldea osatzearen alde
ERCren aurrekaria kontuan hartuta, Amaiurrek ez luke trabarik izan behar Kongresuan taldea osatzeko. Diputatuek taldea osatzeko duten eskubidea lehenetsita interpretatu behar du Mahaiak araudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu