Etxe eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako Gasteizko taldeko bi kidek salaketa bat jarri dute Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren aurka, taldearen «babes osoarekin». Gertakarien berri emateko, elkarretaratze bat egin dute gaur eguerdian, Gasteizen, eta, Guillermo Perea taldeko kideak jakinarazi duenez, «prebarikazio, iruzur edo maula delituak» egiteagatik erabaki dute salaketa aurkeztea.
Etxebizitza babestu batzuen salmenta izan da salaketaren oinarri nagusietako bat. Pereak adierazi duenez, apirilaren 7an jakin zuten Vitalquiler taldeak «finantzaketa publikoarekin» eraikitako bostehun etxebizitza saldu zizkiola Suediako Catella inbertsio funtsari. Hain zuzen, azaldu du Vital Kutxak —egun, Kutxabank— eta Adania enpresa taldeak sortutako talde bat dela Vitalquiler, Gasteizen alokairuko etxebizitza babestuen parke bat osatzeko helburuarekin: «Kutxabankek etxebizitza horiekin bere eskuetan zuen parkearen %57 Suediako funts bati saltzea erabaki du, alokairu sozialaren kudeaketa esku pribatuetan utzita», nabarmendu du.
Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna ere gogoan izan du Pereak: «Eragiketa hau ez litzateke posible izango Jaurlaritzaren eta hura osatzen duten alderdien, EAJ eta PSE-EE, zeregin erabakigarririk gabe». Haren arabera, etxebizitza horien salmenta baimentzeaz gain, kolokan jarri ditu bere eskumenak: «Uko egin die Euskadiko Etxebizitza Legearen 65. artikuluan jasotzen diren atzera eskuratzeko zein erosteko lehentasun eskubideei». Horren ondorioz, Pereak azaldu du Jaurlaritzak «ederra» galdu duela etxebizitzen parke publikoa handitzeko aukera.
Herritarrengan eragina
Taldearen arabera, Eusko Jaurlaritzak «etxebizitzarako eskubidearen aurretik» jarri du «negozio pribatua», eta horrek herritarren beharren aurka egiten du: «Babesik gabe dauden herritarrak errentagarritasun ekonomikoa nahi duten funtsen esku utzi ditu, ez dute pertsona horien duintasuna eta ongizatea nahi». Haien iritziz, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta, adierazi dutenez, ezin da onartu oinarrizko baliabide bat «espekulatzaileen negozio irrikaren mende» egotea.