Gizartea

Intxaurrandieta: "Azpiegitura egiteak oraindik ere ondorio ekonomiko larriagoak eragingo lituzke"

Iñaki Errazkinek eta Ainhoa Intxaurrandietak Madrilen deklaratu dute gaur, GHK-ko arduradun zirela Zubietako errauste planta geraraztea egotzita. 46 milioi eurorainoko zigorra jar diezaiekete.

Errazkin eta Intxaurrandieta, gaur, Auzitegira iristen. FOKU
arantxa iraola
2018ko apirilaren 12a
07:32
Entzun

10:00etan zen hastekoa epaiketa Espainiako Kontuen Auzitegian, eta ordurako joan dira bi auzipetuak. 2013an errauste plantako obrak geldiaraztea erabaki zutenean Gipuzkoako ahaldun nagusi zen Martin Garitano lagun izan dute, eta, besteak beste, baita Garbiñe Errekondo diputatu ohia eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ere.

Garitanok salatu du gizartearekin zuten "kontratua" betetzeagatik zigortu nahi dituztela Intxaurrandieta eta Errazkin. Eta Garbiñe Errekondo diputatu ohia ere bat etorri da; bere arabera, joku politikoa "desitxuratzen" dute Errazkinen eta Intxaurrandietaren kontrako salaketak eta antzekoek.

Auzitegiaren barruan Intxaurrandieta izan da deklaratzen aurrena, eta fiskalaren galderei erantzunez azpimarratu du azpiegitura egiteak "ondorio ekonomiko larriagoak" eragingo zituela beraiek enpresei ordaindutako kalte ordainak baino. Eta ildo berean mintzatu da Iñaki Errazkin ingurumen diputatu ohia ere: "Errauste planta eraiki izan balitz, guztiz defizitarioa litzateke". Eta galdera batekin amaitu du bere deklarazioa: "Bideragarria al zen azpiegitura? Hori da kontua".

Denis Itxaso egungo Kultura diputatuak ere deklaratu du, lekuko gisara, eta esan du GHK-k errauste planta geldiaraztea erabaki zuenean mahai gainean zeudela hainbat txosten, "kontratua etetearen ondorio ekonomikoez" ohartaraziz.

Perituek ere deklaratu dute.

2013an ezeztatu zuen GHK-k Zubietan errauste planta bat eraikitzeko aurreko legealdian buruzagi jeltzaleek hitzartuta utzi zuten kontratua, eta jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin. Partzuergoko presidente Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak eman zuten berria.

Erabaki hura hartzeak ondorio larriak izan ditzake orain bientzat. Egungo GHK-ko arduradunek iazko urrian ebatzi zuten bi buruzagi ohien aurka egitea, 2013ko erabaki hura desegokia izan zela iritzita. 46 milioi eurorainoko zigorrak jar diezazkiekete bi auzipetuei.

Biek salatu dute "mendeku" gosez eraman dituztela auzitegietara.

Ondorioen aurkezpena beste saio baterako utzi du Espainiako Kontuen Auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.