Ion Telleria idiazabaldarra, Soto del Real espetxean dago preso atzo iluntzeaz geroztik. Gaur bertan zen epailearen aurretik pasatzekoa, bere abokatuari adierazi ziotenez. Baina, Madrilera atxilotuta iritsi ostean, astelehen goizera arte ez dutela Fernando Grande Marlaska epailearen aurrera eramango jakinarazi diote.
Frantziako Poliziak Ion Telleria gaztea atzo atxilotu zuen, hura Espainiaratzeko euroaginduaren karietara. Ekainaren 29an emana zion Paueko auzitegiak baietza euroagindu eskariari, eta erabaki horren aurkako helegitea ezarria zuen Telleriak. Ordea, auzitegiak ez du aintzat hartu errekurtsoa. Donibane Lohizunen atxilotu zuten gaztea, polizia etxera sinadura ematera joan zenean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak zuen eskatua hura Espainiara eramateko. Fernando Grande-Marlaskak gazte independentisten aurka iazko azaroan egindako operazioaren harira egin zuen eskaria. Orduko hartan, 34 gazte atzeman zituen epaileak. Ez, ordea, Telleria. Info7 irratiko esataria zen, eta Urruñan (Lapurdi) bizi zen atzo atxilotu zuten arte. Hegoaldean aurkitu ez, eta hura atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Ekainaren 9an atzeman zuten lehenengoz, eskaria zela tarteko. Auzitegiak euroagindua aztertu artean aske egon zen, baldintzapean. Horrela egon zen atzo arte, helegitea ezarria zuenez gero.
Gazte Independentistetako kide delakoan, Segiko kide izatea egozten dio epaileak Telleriari. Areago, Segiko buruzagitzat jotzen du.
Politika
Ion Telleria astelehenean eramango dute epailearen aurrera
Atzo gauean sartu zuten Soto del Real espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu