Komunikazioa

Ipar Euskal Herriko aktualitateari begiratzeko leihoa

Iparraldekohitza.info aurkeztu dute, Ipar Euskal Herriko aktualitateari egunero jarraipena egingo dion ataria. Horrez gain, astekariaren PDF edizioa irakurtzeko parada izango da. Pantxoa Bimboire eta Mathieu Iriart izango dira lehen bi blogariak.

2013ko apirilaren 30a
17:09
Entzun

Aurreko ostiralean Ipar Euskal Herriko Hitzak berak aurreratu zuen moduan, gaur aurkeztu du astekariaren webgunea: Iparraldekohitza.info. 11:00etan hasi da jendaurreko aurkeztena Baionan, Elkarren. Ekitaldi irekia izan da, eta han proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Lehen albisteak ikusgai dira jada, tartean Lurralde Elkargoaren goi biltzarrarena eta Herri Urratsen atzoko aurkezpenarena.

Hainbat lagun bildu dira webgunearen aurkezpenean. Besteak beste, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Daniel Landart antzerkilari eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendari ohia eta Anuntxi Arana antropologoa daude bertan. BERRIAren urteurrenaren BERRIA opa eta topa! bideoaren emanaldiarekin hasi da ekitaldia. Ondoren Joanmari Larrarte BERRIA Taldearen kontseilari ordezkariak eta Nora Arbelbide Ipar Euskal Herriko Hitza-ren zuzendariak hartu dute hitza, eta webgunearen nondik norakoak azaldu dituzte.

Leiho bat gehiago

Astekariaren edukiak jasotzeaz gain, egunero berrituko den atari bat izanen da, gertaerak kontatzeko orduan azkartasuna eta sakontasuna uztartuz. BERRIA egunkariari begira, leiho bat gehiago izanen da webgunea, elkarlanean osatua.

Eta aukera bat ere emanen du euskarazko beste komunikabideekin jadanik abiatu elkarlana segiarazi eta sakontzeko, elkarlan horri oihartzun handiagoa emanez. Horren erakusleiho dira gaur bertan ikusi daitezken Kanaldude telebistaren bi bideo: Frantxua Maitiaren Ahoan bilorik gabe ataleko elkarrizketarena eta aurtengo Herri Urratsen kantaren bideokliparena.

Lau atal nagusi

Berrien atala izanen du webguneak, gaur-gaurko gaien jarraipena eginen duena, hau da, eguneko gertakari garrantzitsuenen berri emanen duena. Gainera, gai horiek momentuko gai garrantzitsuenen menuarekin jarraitu ahal izango dira. Une honetan Lurralde Elkargoa, Herri Urrats eta Maiatzak 18 dira menu horretan.

Iritziaren atala kolaboratzaile anitzekin osatua da, eta eragile anitzen plaza edo bilgune izan nahi du. Horrez gain, blogarien atala ere izango da eta Pantxoa Bimboire eta Mathieu Iriart izango dira lehen bi blogariak.

Multimediaren atala ikus-entzunezko edukiak biltzeko gunea izanen da, dela bideo elkarrizketak, erreportaje edo beste. Eta azken atala, asteko Hitza-rentzat atxikia, papereko edizioan argitaratzen dena erakusteko eta elkarbanatzeko aukera ematekoa izanen da.

Sare sozialetan ere izango da

Atari berriak Ipar Euskal Herriko Hitza sare sozialekin uztartzeko aukera emanen du. Hitza-k bere kontua izanen du Twitter eta Facebook sare sozialetan. Ideia da irakurleei iruzkinak egiteko parada ematea, berrien inguruan eta blogari edo kolaboratzaileen artikuluen harira.

Webgunearekin, euskarari beste leiho bat irekitzeaz gain, azken urte hauetan Ipar Euskal Herriko Hitza-k egin lana sustrai gisa erabili nahi da. 2010eko azaroaren 5ean abiatu zen Ipar Euskal Herriko Hitza. Geroztik, ostiral guztiz Ipar Euskal Herriaz zortzi orriko gehigarria eskaintzen du, BERRIArekin batera.

Hiru ekitaldi Ipar Euskal Herrian, 10. urteurrenean

Aitzina segitzeko pario horrek oihartzun berezia hartu du aurten, gainera, BERRIA egunkariak bere hamar urteak beteko dituela eta. Euskaldunon Egunkaria 2003ko otsailaren 20an hetsi zutela eta, lau hilabete geroago BERRIAk hartu zuen euskarazko egunkariaren lekukoa.

Hamar urteak gogoan, hiru ekitaldi prestatuak ditu BERRIAk Ipar Euskal Herrian, urtemuga ospatzeko. Lehena maiatzaren 11n, Izpuran. Zertarako hegoak antzerkia emanen du Metrokoadroka sormen laborategiak. Ondotik, Ruper Ordorikaren kontzertua izanen da Miarritzen, maiatzaren 24an, eta Eñaut Elorrietarena, Hendaian, ekainaren 13an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.